Euskal presoak

EHUk ez du debekatuko Lopez de Abetxukoren hitzaldia

Sarek eskatu du ez dadila «biktimen mina» erabil «modu alderdikoian». Covitek nahi du bertan behera geratzea euskal preso ohia Gasteizko campusean ematekoa den hitzaldia.

EHUren Gasteizko campusa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Igor Susaeta.
2019ko abenduaren 9a
17:03
Entzun

Sarek antolatuta, Jose Ramon Lopez de Abetxuko euskal preso ohiaLarriki gaixo dauden presoak etxera hitzaldia ematekoa da, bihar, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko Campuseko ikasgela batean (12:30). Covite indarkeriaren biktimen elkarteak hitzaldia bertan behera uzteko eskatu dio EHUri, argudiaturik Lopez de Abetxukok 30 urte igaro zituela kartzelan polizia bat hiltzeagatik, eta ikasleen aurrean ezin dela «erreferente gisa» aurkeztua izan. EHUk, baina, ez du euskal preso ohia Txema Matanzas abokatuarekin batera ematekoa den hitzaldia debekatuko. Auzi horren harira kaleratutako ohar batean nabarmendu duenez, instituzioak «berretsi» egiten du «ideia eta sentsibilitate politiko guztien adierazpen askatasunarekin duen konpromisoa». Euskal presoen eta iheslarien giza eskubideen aldeko plataformak eskatu du ez dadila «biktimen mina» erabili «modu alderdikoian».

Sarek agerraldia egin du Gasteizen, eta Joseba Azkarraga bozeramaileak adierazi du «inork» ez duela adierazpen askatasuna «murrizteko eskubiderik». Ez du ulertzen hitzaldiak eragindako «polemika», biharko ekitaldian hizpide izango duten gaiaz beste hainbat instituziotan ere mintzatu baitira plataformakoak. Argitu nahi izan du, gainera, Lopez de Abetxukok hitzaldian azalduko duela kartzelan igarotao azken urteetan nola «bizi izan zuen» pairatutako «gaixotasun larria». Biktimenganako «erabateko errespetua» agertu du Sarek, eta zehaztu, bide batez, EHUko ikasle talde batek jo duela plataformakoengana hitzaldia antola dezan.

Covitek joan den larunbatean eskatu zuen hitzaldia bertan behera uzteko. Pentsatzen du «oso larria» dela euskal preso ohiak hitzaldi bat ematea, eta Nekane Balluerka EHUko errektorea kritikatu du, instituzioaren ikasgela bat «hiltzaile bati» uzteagatik.

Esteban Garibai elkarteak hitzaldiaren kontrako elkarretaratzera deitu du: bihar, EHUren Gasteizko campusean (12:15). Iñaki Oiarzabal Arabako PPren idazkari nagusiarentzat «aberrazio bat» da Lopez de Abetxukok EHUn hitzaldi bat ematea, «biktimak iraintzen» dituelako. Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria ere hitzaldiaren aurka agertu da.

Sortuk salatu du Lopez de Abetxukoren aurkako «jazarpenarekin sufrimendu jakin bat» estali nahi dela. «Preso ohiaren hitzaldia galarazteko saiakerak ez du laguntzen bakea eta bizikidetza eraikitzen". Sorturentzat, gainera, Lozak ez du «inolako autoritate etikorik» gaiari buruz hitz egiteko. «Duela gutxi isilik egon zen Sanchez Corbik eman zuen hitzaldiaren inguruan. Gogora dezagun guardia zibil hori Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zutela».

«Ikuspuntu etikoa»

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari auzi horretaz galdetu diote Radio Euskadin, eta erantzun du ikuspuntu juridikotik «legezkoa» dela EHUn programatuta dagoen hitzaldia, baina zehaztu du «elkartasuna» eta «ikuspuntu etikoa» kontuan hartuta aztertu beharko litzatekeela ea «terrorismoaren biktimentzako umiliagarria den», ea «minduta» sentituko diren. EHUk eskatu dio Sareri «biktimenak sentipenak kontuan hartzeko», eta horientzak «mingarriak» gerta daitezkeen jokaerak eta adierazpenak «saihesteko».

Arabako PSEko idazkari nagusi Cristina Gonzalez ere Radio Euskadin mintzatu da, eta adierazi du nahiago duela hitzaldia bertan behera geratzea. «Legalki katzelatik atera da, eta hitzaldi bat eman dezake. Baina uste dut biktimei eta terrorismoa bukatzeko borrokatu ginenoi etikoki kosta egiten zaigula giza eskubideen egunean [bihar da Giza Eskubideen Mundu Eguna] hil egin duen pertsona bat kartzeletan dauden presoei buruzko oinazeez hizketan aditzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.