EHUk Euskararen IV. Plana onartu du, «erabilera akademikoari eta sozialari bultzada emateko»

Unibertsitateak lau ardatz nagusi zehaztu ditu: prestakuntza, ikerketa eta transferentzia, kultura eta gizartea, eta pertsonak. Graduko ikasketetako derrigorrezko irakasgaien %96 euskaraz izatea da xedeetako bat.

EHUren Leioako campusa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
EHUren Leioako campusa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko ekainaren 11
14:14
Entzun

Unibertsitatea euskaldunagoa egiteko bidean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Euskararen IV. Plan Gidaria onartu du gaurko gobernu kontseiluan. Plan berria 2027ra bitarte egongo da indarrean, eta finkatutako helburu batzuk ere jakinarazi ditu unibertsitateak: graduondokoen eskaintzan euskara indartzea, hizkuntzaren erabilera soziala sustatzea, eta digitalizazioan aurrera egitea. Alegia, «bultzada» eman nahi diote «euskararen erabilera akademikoari eta sozialari». Horretarako, lau ardatz zehaztu dituzte planean:

1

Prestakuntza

Graduko ikasketez eta graduondokoez aritu dira atal honetan. Txostenaren arabera, urteetan lan handia egin da, eta, horri esker, «aukera oso zabala» dago EHUn prestakuntza euskaraz jasotzeko. Alabaina, badaude hutsuneak oraindik. Egun, graduetako derrigorrezko kredituen %94,4 eskaintzen dituzte euskaraz; helburua da %96ra igotzea. Beraz, aurrerantzean ere ezingo dira graduak oso-osorik euskaraz egin. Halere, arazo handiagoa dago hautazko irakasgaiekin: euskaraz eskainitako irakasgai kopurua %5 handitzea dute xede. EHUren esanetan, graduko ikasketak dituzten ikastegiek «estrategia bereziak» landu beharko dituzte, hautazko irakasgai gehiago eskaintzeko euskaraz, «baldin eta haien eskaintza batez bestekoaren azpitik badago».

Graduondokoei dagokienean, master ofizialetan euskaraz eskainitako kredituak %14,1 izatetik %19 izatera igarotzea nahi dute. «Bereziki» erreparatu asmo diete master lanbideratzaileei.

2

Ikerketa eta transferentzia

«Helburua da euskal unibertsitate publikoaren lidergoa handitzea, bai euskararen erabileraren normalizazioan, bai Euskal Herriaren garapen soziokulturalean», nabarmendu dute. Ildo horretan, euskaraz eginiko doktore tesien kopurua handitzeko xedea jaso dute dokumentuan. Hain zuzen, hirurogei izan ziren 2022an, eta 70 izatea ipini dute helburutzat. Euskaraz egindako tesi horien artean erdiak dira nazioartekoak; %60 izatea nahi dute. Eleaniztasunaz ere mintzo da txostena: «Gaur egungo goi mailako ikerketa eta ezagutzaren sorkuntza eleaniztuna da, eta ingelesa nagusitzen da; batetik, munduan sortutako ezagutza ahalik eta osoena jasotzeko, eta, bestetik, norberaren ekarpenak komunitate zientifiko ahalik eta zabalenari transmititzeko ia nahitaezkoa da globalki partekatzen den hizkuntza batean jardutea. Haatik, lan inguru eleaniztun honen kide izateak ez luke euskararen kaltetan izan behar, eta horretarako EHUk bereziki sustatzen du ikerketa eta ikerketaren zabalkundea euskaraz».

3

Kultura eta gizartea

Orain arte lortutakoa goraipatzen du dokumentuak: «EHU euskal gizarteko erakunde erreferentziala da euskarazko materiala sortzen eta terminologia estandarizatzen». Jardun akademikoaz gain, iruditzen zaie unibertsitateak euskarazko eskaintza kultural «oparoa» daukala. Hainbat helburu jarri dituzte: besteak beste, ikastegi eta zerbitzu atalek Eusko Jaurlaritzaren Bikain ziurtagiria lortzeko baliabideak ezartzea; ikastegi eta zerbitzu guztietan euskara «zerbitzu hizkuntza» izango dela bermatzeko estrategiak lantzea; «baldintza egokiak» dituzten ikastegietan eta zerbitzuetan euskara lan hizkuntza bihurtzea; eta unibertsitateak erosten edo kontratatzen dituen aplikazio informatikoak euskaraz egotea bermatzea.

4

Pertsonak

Unibertsitateko langileen euskara maila da ataleko gai nagusia. Irakasleei dagokienez, irakaskuntza gaitasuna duten irakasle postu elebidunen ehunekoa %66koa da egun; %70 izatea nahi dute. Teknikariei eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei dagokienez, %42k dute hirugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta, eta erdiak izatea dute helburu. Beste datu bat: egun, ikastegietan eta zerbitzuetan telefonoz nahiz aurrez aurre harremana euskaraz izatea eskatzen denean, euskaraz izaten da hamar kasutatik zazpitan; lau kasutatik hirutan euskaraz izatea da planaren helburua.

Plan berriak askotariko erreakzioak eragin ditu. Pozik agertu da Eva Ferreira EHUko errektorea: «Euskal unibertsitate publikoa funtsezko eragilea izan da —eta izaten jarraitzen du— euskararen biziberritzean. Nabarmendu du EHUk «berebiziko lana» egin duela euskarazko terminologiaren estandarizazioan, adibidez. Eta ekinean segitzeko asmoa erakutsi du: «Jarduera akademikotik harago, unibertsitateak jarraituko du eskaintzen euskarazko kultur eduki oparoa, eta, batez ere, bermatuko du euskara zerbitzu hizkuntza izatea unibertsitate jarduera osoan».

Ordea, badago kontrako iritzirik ere. LAB sindikatuak, esaterako, uste du plana «guztiz eskasa» dela: «Euskalduntzeari lotuta EHUk egun dauzkan arazo eta egoera batzuek neurri ausartak, argiak eta eraginkorrak eskatzen dituzte. Lau urteko ganorazko plan batek helburu bakoitzerako azpi helburuak, ekintzak, egutegia, beharrezko baliabideak, hartzaileak, ardurak, aurrekontua... definituta izan beharko lituzke. Ordea, onartutako planak ez ditu baldintza horiek betetzen».

Adibide batzuk jarri ditu sindikatuak: oraindik orain, derrigorrezko irakasgai batzuk euskaraz jasotzeko aukerarik ez dago, eta, LABen esanetan, ez dago planik eta egutegirik horiek euskaraz eskaintzeko. Areago: masterren kasuan, salatu dute gehienetan ez dagoela euskarazko aukerarik. Langileez ere aritu dira. «Ez dute onartu lanpostu elebidunetarako lehiaketetan probaren bat euskaraz egin behar izateko eskaera», gaitzetsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.