Txabi Etxebarrieta ez zen tiroketa batean hil: Guardia Zibilak hil zuen, nahita, babesik gabe zegoela. Hori ondorioztatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aranzadi zientzia elkarteak argitaratu berri duten ikerketak. Atzo aurkeztu zituzten azken urteotan egin duten lanaren ondorioak, Donostiako campuseko Zuzenbide Fakultatean egindako agerraldi batean, eta hala adierazi zuen Eneko Etxeberria EHUko zuzenbide prozesaleko irakasle eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako kideak: «Ezerk ez du esplikatzen Txabi Etxebarrietak bizkarrean jaso zuen tiroa. Ondorioz, litekeena da exekuzio estrajudizial baten biktima izatea».
Lehendik ere Javier Buces Aranzadiko kide eta Historiako doktoreak eman izan du Etxebarrietak bizkarrean jasotako tiroaren berri, orduko autopsia oinarri hartuta —bi tiro egin zizkioten:bat bularretik sartuta eta bertzea bizkarretik—. Atzo ere azaldu zuen «garrantzi handiko» kasua dela ikertu dutena, aldi berean ETAk hil zuen lehen aldia izan baitzen—Etxebarrietak berak hil zuen Jose Pardines guardia zibila, ordu batzuk lehenago—, eta «ETAko kide bat zuzenean hiltzen zuten» lehen aldia ere bai: «Azken urteotan bizi dugun kontakizunaren gerran zuzenean sartzen den kasu mediatikoa da».
Nolanahi ere, Bucesek nabarmendu zuen «ikerketa serioa» egin dutela, metodologia historikoak erabilita, eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidean oinarrituta.
Hainbat iturri erabili dituzte ikerketa egiteko: artxibo militarrean gordetako dokumentazioa, 16/68 auziari dagokiona —tartean da autopsia—, eta baita senideen zein lekukoen testigantzak ere. Bucesek salatu du «zailtasunak» izan dituztela dokumentazioa «askatasunez» kontsultatzeko, nahiz eta 50 urte baino gehiago igaro diren ordutik. Hiru ondorio nagusi atera dituzte ikertutako euskarri dokumentaletatik: Guardia Zibilak berak egin zuela ikerketa —hiltzaileak eta ikerlariak erakunde berekoak izan ziren—, Guardia Zibilaren adierazpenetan «kontraesanak» daudela, eta auzitegi medikuaren txostenak ziurtatzen duela tiroa bizkarretik egin ziotela, Etxebarrieta lurrean zegoela edo lurrera erortzen ari zela.
Lekukoak eta autopsia
Bucesen hitzetan, senideen eta lekukoen adierazpenak bat datoz auzitegi medikuaren txostenarekin. Etxebarrieta hil zutenean han zeuden Iñaki Sarasketaren eta Eduardo Osaren testigantzak daude, batetik, eta Bucesek nabarmendu du kontuan hartu behar dela Guardia Zibilak torturatu zituela. Gorpuaren bila joan ziren senideen lekukotza dago, bertzetik: «Senideek ikusi zuten mediku bat, agian auzitegi medikua, Guardia Zibilarekin eztabaidatzen gertakizunari buruz». Historialariaren ustez, horrek zerikusia izan dezake autopsiaren txostenaren ezaugarriekin: «Pardinesenarekin alderatzen badugu, oso laburra da». Bertzeak bertze, ez dira distantziak ageri.
Bertzalde, 2019an lekuko zuzen baten testigantza jaso zuten, hilketa gertatu zen lekutik 200 metrora dagoen lantoki batean zegoen herritar batena: «Testigantzak baieztatzen du Etxebarrieta tirokatua izan zela, eta berak ez zuela tirorik egin». Erran dute, nolanahi ere, balitekeela pertsona horrek gertaeraren «sekuentzia osoa» ikusi ez izana.
Etxeberriak azaldu du Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren bigarren artikulua hartu dutela oinarri: bizitza babestearena. «Bi betebehar jartzen dizkio edozein gobernuri: ikertzea eta exekuzioaren debekua». Bada, salatu duenez, lehenengoa urratu egin da, jurisdikzio militarrak hartu baitzuen ikerketa bere gain; eta bigarrena urratzeko «probabilitate handiak» daude, hipotesia baita babesik gabe zegoela egin ziotela tiro. Etxeberriak nabarmendu du oraindik posible dela ikerketa ofizial bat martxan jartzea, eta hala egiteko eskatu du. Bertzalde, nahiko lukete gizateriaren aurkako delitu gisa hartzea, 1977ko Amnistia Legeak ez baitu eragozten halako krimenak ikertzea: «Badago aukera».
EHUk eta Aranzadik ondorioztatu dute Etxebarrieta nahita hil zutela
Eneko Etxeberria EHUko zuzenbide irakasleak erran du «ezerk» ez duela esplikatzen ETAko kideari bizkarrean egin zioten tiroa: «Litekeena da Etxebarrieta exekuzio estrajudizial baten biktima izatea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu