EHUko Leioako campuseko (Bizkaia) Mikel Laboa plaza pankartaz bete dute ikasleek: «Faxismoa gure unibertsitatetik kanpo!», «Ikasle langileok faxismoa borrokatu» eta «Faxista, misogino, LGTBIfobo eta klasista, hau ez da zure lekua». Azken astean, mezu «arrazistak, klasistak eta matxistak» egin dituen irakaslea kanporatzeko eskatu diote ikasleek EHUri, eta, antza denez, lortu dute. Indarkeria matxistaren aurkako prozedura ireki ziotela jakin zen atzo, eta kautelazko neurri gisa erabaki zuten haren jarduna etetea. Gaur unibertsitateko iturriek esan dute aurrerantzean ere irakasleak ez dituela eskolak emango EHUn. Errektoretza hasia da beste prozedura batzuk ere aztertzen, eta bidea hasi dute gizon hori gaur egun betetzen ari den ordezko irakasle lanpostutik kentzeko. Gaur, ikasgelara sartu aurretik, auziaz hitz egiteko tarte bat eskaini diote BERRIAri Araitz Dominguez Uriartek, Lander Elorza Martinez de Lizarduik eta izena eman nahi izan ez duen beste ikasle batek. Pozik daude: «Irakaslea ez da bueltatuko guri eskolak ematera».
Zuzenbide fakultateko Bizkaiko Saileko 301 ikasgelako kideak dira hirurak, eta, beraz, irakasle horren ikasleak. Haren aurka egiteko egin dituzten jardunbideen berri eman nahi dute, beren hitzetan. Izan ere, egunez egun «garaipen txikiak» lortu dituzten arren, «kezkatuta» daude EHUk egin dituen adierazpenak direla eta. Unibertsitatearen arabera, joan den ostiralean «oihu eta mehatxu artean» irakaslea «bere borondatearen kontra» atxiki zuten ikasleek. Eta bertsio horrekin segitzen dute unibertsitateko buruek: Aitor Zurimendi EHUko idazkari nagusiak gaur bertan berretsi du egun horretan «ikasle batzuek, gutxi badira ere, marra gorri bat» gurutzatu zutela.
Joan den astean hasi ziren ikasleen protestak, eta ikasle horiek bakarrik ez dira mobilizatu; astelehen honetan bertan elkarretaratze jendetsu bat egin dute Zuzenbide fakultatean. Agiri baten bidez, ikasleek azken egunetako gertakariak argitu nahi izan dituzte. Horrez gainera, ohar baten bidez, ikasleen borroka «kriminalizatu» nahi izatea eta «funtzionario faxista» babestea leporatu diote EHUri. Gaur ere, ostiraleko gertaeren inguruan emandako bertsio hori ukatu dute ikasleek, eta argi utzi dute ez zela «borondatearen kontrako atxikitzerik» egon.
Xehe-xehe kontatu nahi dute joan den ostiralean zer gertatu zen. «Eskola hasi baino ordu erdi lehenago iritsi ginen batzuk, eta ikasgelan gure gauzak utzi ostean, kafe bat hartzera joan ginen», gogoratu dute. «Segurtasuneko bi kide zeuden, baina dena lasai zegoen». Handik gutxira, irakaslea sartu zen; ikasleek ikusi zuten ordurako segurtasuneko lau langile zeudela atean. Eskolak irauten zuen denbora guztia eman zuen bertan irakasleak: «Bi ordu, bere borondatez». Hori horrela izan zela azaltzeko xehetasun baten berri eman dute ikasleek: ikasgelan egon zen bitartean, irakasleak iruzkinak zabaldu zituen Instagram sare sozialean, besteak beste «aspertuta» zegoela adierazteko.
Jendea «zirikatzen»
Bi ordu horietan, ikasleak fakultatean bildu ziren, bai bertako ikasleak, eta bai beste fakultate batzuetakoak. Ikasleek adierazi dute ikasgelarako sarbidea «momentu oro segurtasuneko langileek» kontrolatu zutela. Hortaz: «Ez da sinesgarria irakaslea borondatearen aurka atxikita egon izana». Gainera, gogorarazi dute gizon hori «kanpoan zegoen jendea zirikatzen» ibili zela, eta sare sozialetan iruzkinak jarri zituela horretarako.
Bestalde, ikasleek erantsi nahi izan dute ostiralean bi ertzain egon zirela fakultate kanpoan. «Norbait bere borondatearen kontra atxikitzea delitu bat da, Zigor Kodeak 'legearen aurkako atxiloketa' gisa izendatzen du; lau eta sei urte arteko kartzela zigorra ezar daiteke horregatik», zehaztu dute. Eta erantsi: «Delitu bat gertatzen ari dela jakiten dutenean, ertzainak derrigortuta daude euren lana egitera. Ostiralean, ez zutenez ezer egin, uste dugu ez zela inoren borondatearen kontrako atxikitzerik egon». Gaineratu dutenez, ikaskide bat bere gauzak hartzera sartu zen ikasgelara, eta, «legearen aurkako atxiloketa bat» izan balitz, ez zioten sartzen utziko.
«Delitu bat gertatzen ari dela jakiten dutenean, ertzainak derrigortuta daude euren lana egitera. Ostiralean, ez zutenez ezer egin, uste dugu ez zela inoren borondatearen kontrako atxikitzerik egon»
EHUko ZUZENBIDE FAKULTATEKO BIZKAIKO SAILEKO 301 IKASGELAKO KIDEAK
Eskolaldia amaitu zenean, segurtasuneko langile batek kanpoan zeudenei helarazi zien «korridore bat» egin behar zutela, irakaslea eskaileretatik eramango zutelako kanpora. «Susmoa dugu hori ez zela modurik seguruena irakaslea ateratzeko, eta irakasleak nahita egin zuela, irudia edukitzeko», adierazi dute ikasleek. Bildutako jendeak «faxista» eta antzeko hitzak oihukatu zituela aitortu dute, baina ez zela «indarkeriarik» egon. Astelehenean egin zuten protesta ere «guztiz baketsua» izan zela gogoratu dute.
Ikasleek gauza bakarra nahi dute orain: «Normaltasunera itzuli nahi dugu, eta gure eskolekin jarraitu; ez dugu polemikan sartuta egon nahi». Hori dela eta, ontzat eman dute EHUk Berdintasun Zuzendaritzak indarkeria matxistaren kontrako prozedura ireki izana irakaslearen kontra. EHUk egindako adierazpenekin bat ez etorri arren, adierazi dute «ondo egin duena aitortu» beharra dagoela. «Hau ez da gure arteko borroka; denok gara unibertsitatea, eta denon alde egin behar du».