EHUk aurrekontua handitu nahi du, lau milioi jarrita Medikuntza fakultate berrirako

Iazkoarekin alderatuta, %2,14 igo dute. EHUko Gobernu Kontseiluak lehen bilera egin du gaur Eva Ferreira errektore izendatu zutenetik 

Eva Ferreira EHUko errektore kargua hartzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 11
15:17
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Gobernu Kontseilua egin du gaur, Eva Ferreira errektore izendatu zutenetik lehena —urtarrilaren 25ean hartu zuen kargua —. 2021erako aurrekontu aurreproiektua aurkeztu dute bertan, eta iazkoa baino handixeagoa izango da: denera, 437,37 milioi euro. Joan den urtean, 428,22 milioiko aurrekontua izan zuen; %2,14 handitu dute, beraz. Azaldu dutenez, aurreproiektuaren igoera hori, nagusiki, beste eraikin bati dagokio: Bilbon egingo duten Medikuntza eta Erizaintza Fakultateari, lau milioi jarriko baitituzte horretarako.

Behin aurrekontua aurkeztuta, martxoaren 4tik 11ra bitarteko epean aurkeztu ahal izango dituzte zuzenketak. Ondoren, dokumentua berriro Gobernu Kontseilura eramango da, eta martxoaren 18an egingo duten bileran onartu beharko dute. Baiezkoa bada, EHUko Gizarte Kontseiluari bidaliko zaio gero, behin betiko onespena eman diezaioten.

Ferreiraren lehen bilera honetan, aurpegi berri ugari egon dira Gobernu Kontseiluan. Izan ere, errektoretza talde berriko hamar kidek Nekane Balluerka errektore ohiaren taldekoak ordezkatu dituzte; orotara, 47 pertsonak osatzen dute kontseilua. Ferreirak aukera baliatu du aurreko taldeari eskerrak emateko «agintaldian egindako lanagatik». «Oso harro nago gure unibertsitate publikoko errektore izateaz, baina umiltasunez hartzen dut kargua. Kargudun publiko bat izatea ez da pribilegio bat eskuratzea; gizarteari zerbitzua emateko ekintza batean konpromisoa hartzea da», adierazi du.

Medikuntza fakultatearen proiektua

EHUk 2018. urte amaieran aurkeztu zuen Bilbon Medikuntza fakultate berria egiteko proiektua. Hala, Medikuntza eta Erizaintza fakultatea Leioako campusetik Bilbora eramateko egitasmoa aurkeztu zuen. Hura martxan jarri nahi zuten epea ere zehaztu zuen: 2024-2025eko ikasturtea. 2020ko amaiera jo zuten, berriz, obrak abiatzeko data. Basurtuko ospitalearen alboan hasiko dira eraikina egiten, EHUrentzat gordeta zegoen lursail batean, eta 32.000 metro koadroko eremua hartuko du azpiegiturak. Lanek 52 milioi euroren inbertsioa eskatuko dutela jakinarazi zuten aurkezpenean, eta EHUk zazpi milioi jarriko dituela ekipamendua erosteko eta tasak ordaintzeko.

Medikuntza, Erizaintza eta Fisioterapia gradu ikasketak eskainiko ditu EHUk Basurtun eraikiko den fakultatean —Odontologia, berriz, Leioan geratuko da–, baita osasun zientzietako sei master eta sei doktoretza programa ere. Balluerkak nabarmendu zuen fakultatea ospitale baten alboan edukitzea «ezinbestekoa» dela sinergiak sortzeko. Jon Darpon Jaurlaritzako orduko Osasun sailburuak, berriz, aitortu zuen egitasmoak «zor historiko bat» kitatuko duela, eta fakultatea «gizartearen zerbitzura» egongo dela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.