EHU hasi da argitaratzen unibertsitatera sartzeko probako azterketa eredu berriak

Gaurtik hasita, pixkanaka argitaratuko dituzte 30 irakasgaietako ereduak eta zuzenketa irizpideak, EHUren webgunean.

Ikasleak unibertsitatera sartzeko probako azterketa bat egiten, iaz, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ikasleak unibertsitatera sartzeko probako azterketa bat egiten, iaz, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urriaren 16a
15:20
Entzun

Azkenaldian, bazegoen ezinegon bat Batxilergoko bigarren mailako ikasleen artean: ikasturtea hasita egonagatik ere, ez zekiten nolakoak izango ziren unibertsitatera sartzeko probako azterketa ereduak. Bada, zenbaitentzat amaitu da itxaronaldia: EHU Euskal Herriko Unibertsitatea hasi da etsamina eredu batzuk argitaratzen; eskuragarri egongo dirawww.ehu.euswebgunean. Orotara, probaren 30 irakasgaietarako azterketa eredu bana eta horiei dagozkien zuzenketa irizpideak plazaratuko dituzte. «Eskuragarri eta erabilgarri izango dituzte ikastetxeek, irakasleek eta ikasleek», azaldu dute ohar batean.

Eva Ferreira EHUko errektoreak aitortu du unibertsitatera sartzeko proba aldatu izanak «zalantzak» sortzen dituela, eta, horrenbestez, beharrezkoa dela «informazio argia eta fidagarria» izatea. Beraz: «Funtsezkoa da ikasleek eta ikastetxeek laster ezagutzea ebaluazio ereduak eta irizpideak». Alabaina, nabarmendu du «zorrotz» lan egin behar dutela probetan eta zuzenketa irizpideetan, «bidezko prozesu bat ziurtatzeko».

Eta denbora behar da horretarako. Prozesuaren xehetasunen berri eman du Ferreirak: haren hitzetan, gaia arautzeko errege dekretua «berandu» publikatu zuen Espainiako Gobernuak, ekainaren 12an; unibertsitate publikoetako ordezkariek irailaren 27an lortu zuten ados jartzea «garrantzitsuak diren alderdietan», hala nola azterketen egituran, zuzenketa irizpideetan eta prozesuaren datetan; eta adostasun hori erdietsi ostean izan zuten modua lanean hasteko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera azterketa eredu berriak eta azterketa bakoitzeko zuzenketa irizpideak diseinatzeko.

Zehaztu dute zein izan diren lan ildoak ere: gai bakoitzerako zuzenketa talde bat osatzea —EHUko eta Hezkuntza Saileko irakasleak dira kideak—; probaren antolaketa batzordeak eta Hezkuntza Saileko lantaldeek proposatutako ereduak baloratzea; «beharrezko aldaketak» egitea; eta, azkenik, ereduak eta zuzenketa irizpideak argitaratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.