EAJko legebiltzarkidea

Aritz Abaroa: «Ehiza ez da animaliei tiro egitea soilik: balio batzuk ditu»

Belaunaldi berriak ehizara erakarri eta «afizioa» sortzeko asmoz erreformatuko dute EAEko Ehiza Legea EAJk eta PSE-EEk. Abaroak azaldu du ehiza federazioen aspaldiko eskaera bati erantzunez arautuko dutela adingabeak laguntzaile gisa jardutea.

Aritz Abaroa EAJko legebiltzarkidea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Aritz Abaroa EAJko legebiltzarkidea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko martxoaren 4a
05:00
Entzun

Legea onartu eta hamalau urtera, EAEko Ehiza Legearen artikulu bat aldatu nahi dute EAJk eta PSE-EEk, ehiza laguntzailea definitzeko eta arautzeko. Aldaketaren bitartez, adingabeek ehizan parte ahal izango dute, baina ez dute armarik eramango, ezta ehiza baimenik beharko ere. Aritz Abaroa EAJko legebiltzarkideak (Bermeo, Bizkaia, 1986) uste du «estereotipo» asko dagoela ehizaren inguruan, eta ezinbestekoa dela «pedagogia» egitea.

Zergatik erabaki duzue lege erreforma hau egitea?

Guk ehiza ulertzen dugulako animalia ehizatzen duen ehiztariaren estereotipotik harago doan jarduera gisa. Ehiztariak beharrezkoak dira animalien populazioaren oreka bati eusteko; gainera, ehiza afizioa sortzen duen kirola da, jarduera ekonomikoa sortzen du, eta kohesio sozialerako elementua da. Hori da erreforma honen inguruko testuingurua. Baina datuek erakusten digutena ere kontuan hartu behar dugu: duela hamar urte, animaliek 6.000 istripu inguru eragin zituzten, eta 2023an, berriz, 16.000 inguru. Hortaz, datuak eskuan, animalien populazioaren oreka mantentzeko ezinbesteko jarduera dela uste dugu. Gainera, animaliek nekazaritzari egindako kalteak ere kontuan hartu behar dira. Aste honetakoa da Bizkaiko datua: 1.400 kalte baino gehiago erregistratu dituzte. Eta datu horiekin batera, beste bat: azken hamar urteotan ehiza lizentziak 40.000tik 31.000ra murriztu dira, eta uste dugu ezinbestekoa dela belaunaldien arteko errelebo bat bermatzea.

Nola erakarri nahi dituzue belaunaldi berriak ehizara? 

Ehiza mundua ezagutarazi eta afizioa sortu behar da. Eta, horretarako, ezinbestekoa da ehiztariaren laguntzailearen inguruan legeak duen hutsunea arautzea, gaur egun linbo batean baitago. Belaunaldi berriek ehizara erakarri eta afizioa sortu nahi dugu, baina modu arautu batean.

Eta zein izango da haren funtzioa?

Laguntzaileak laguntzaile modura bakarrik jardun ahalko du, hau da, ezin izango du modu aktiboan parte hartu ehiza jardunean. Ezingo du armarik eraman eta ezingo du tirorik egin; ehizan dabilenari lagundu baino ezingo du egin. Hori modalitate guztietan egin ahalko du, ez bakarrik uxaldietan.

Zer esan nahi du horrek?

Ehiza postuan dagoen ehiztariarekin egon beharko du laguntzaileak, ezin izango da pieza bat ateratzera joan, ez postutik irten ere. Ezingo du tirorik egin, ezta armarik eraman ere, hau da, aktiboki ezin izango du ehizan parte hartu. Beste modalitate batean parte hartzen baldin badu, adibidez, uxaldi batean, segurtasun neurriak zorrotz bete beharko ditu. Haren egitekoa laguntzera mugatuko da.

Edozein adinetako adingabeak ehiza laguntzaile izan ahalko dira hala.

Gaur egun, legeak propio arautzen ez badu ere, adingabeak egoten dira ehizaldietan armarik erabili gabe. Eta, hain justu, hutsune horri eman nahi dio erantzuna legearen erreformak. Besteak beste, ehiza federazioen aspaldiko eskaera bat badelako hori linbo juridikotik ateratzea, eta legeak zehaztea zer egin dezakeen eta nola. Belaunaldien arteko erreleboa bermatu nahi dugu, baina modu arautu batean.

Eskopetak, tiroak, animalien heriotza... Ez dirudi adingabeentzako jardun egokiena. Sumarrek eta talde ekologistek ere bide horretatik egin dituzte kritikak.

Berriro diot: ehiztarien estereotipoetatik harago ulertu behar dugu ehiza. Ehiza ez da soilik animaliei tiro egitea; balio gehiago ditu. Fokua ez da soilik adin txikikoetan jarri behar, edozein adinetako pertsona izan baitaiteke laguntzaile. Laguntzaileek erantzukizunez, segurtasunez eta neurriak errespetatuz jardungo dute, eta ez dira ehizaren parte aktibo izango. Pedagogia egin behar dugu horretan: ehizak balio erantsia ematen dio kirolari, ingurumenari eta segurtasunari.

Zer esan nahi duzu?

Pedagogia egin behar dugu ehiza ikuspuntu zabalago batean ulertzeko, eta ehizaren balioak ulertzeko. Gaur-gaurkoz, 14 urtetik gora arma batekin ehiza egin daiteke, hori errealitate bat da, eta erregulatu behar dugu.

«Egun, legeak propio arautzen ez badu ere, adingabeak egoten dira ehizaldietan armarik erabili gabe. Eta, hain justu, hutsune horri eman nahi dio erantzuna legearen erreformak»

Aurkezpenean, esan zenuen ehiza gizarte kohesiorako elementu bat dela, batez ere landa ingurunean. Zer zentzutan?

Landa eremuetan belaunaldien arteko kohesiorako elementua da, adin ezberdinetakoen arteko harremanak sustatzen direlako, afizioa sortzen duten taldeak elkartzen direlako, eta jarduera ekonomikoan zuzenean eragiten duten tabernetan, txokoetan eta abarretan jendea elkartzen delako. Balio komun batzuk dituzten adin ezberdinetako pertsonen arteko harremanak sortzeak balio erantsia ematen dio ehizari. 

Ingurumena kontserbatzeko ere funtsezkoa dela esan zenuen. Zergatik?

Animalien populazioa orekatzen duelako, datuek erakusten baitute istripuak eta nekazaritzaren kalteak bikoiztu edo hirukoiztu egin direla azken urteetan. Ehiztariek ingurumena zaintzen dute, euren jarduera eta afizioa aurrera eramateko daukaten baliabide nagusia delako.

Nola bermatuko da adingabeen segurtasuna ehizaldietan?

Laguntzailea beti joango da ehiztari batekin, eta hark bermatuko du haren segurtasuna. Ehizarekin lotutako zuzeneko arauak bete beharrekoak dira, eta laguntzaileari horiek betearazi beharko dizkio ehiztariak edo ehiztari taldeak. Basozainek eta Ertzaintzak ere betearazi beharko dituzte arauak. Laguntzailearen gaineko erantzukizuna ehiztariak izango du.

Argudiatu duzue ehiztari kopurua gutxitu egin dela azken urteetan: %22 inguru 2011tik hona. Zure ustez, zein arrazoi egon daitezke jaitsiera horren atzean?

Faktore askok dute eragina, baina, besteak beste, ehizaren inguruan dauden estereotipoak eta pedagogoa faltak du eragina. Ehizari buruzko ikuspegi ezkorrak ere eragina dauka.

Ez al da gizartearen ohiturak aldatu egin direla eta gero eta jende gutxiagori iruditzen zaiola erakargarri?

Horregatik diot garrantzitsua dela ehizaren inguruko balio positibo guztien aldeko pedagogia egitea. Ehiza beharrezkoa dela uste dugun heinean, egoerari buelta emateko ahalegina egin behar dugu.

«Laguntzailea beti joango da ehiztari batekin, eta hark bermatuko du haren segurtasuna. Ehiztariak izango du laguntzailearen gaineko erantzukizuna»

Presazko bidetik tramitatuko duzue lege erreforma. Zergatik ez duzue eztabaidarako aukera gehiago ematen duen ohiko bidetik egiten?

Eztabaidatzeko aukera egongo da, Eusko Legebiltzarrean egiten diren izapide guztietan bezala. Horrela tramitatu dugu laguntzailea arautzeko definizioan bakarrik egin behar dugulako aldaketa.

Baina gaiaren garrantzia kontuan hartuta, ez litzateke egokiagoa eztabaida sakonago bat egitea?

Eztabaidatzeko aukera hor egongo da, prozedura guztiak garantistak izango dira eta talde denek izango dute aukera beren ekarpenak egiteko zuzenketen bidez. Eta, gainera, aukera izango dute azaltzeko gaur egun definitu gabe dagoen baina existitzen den laguntzaile hori zergatik ez duten linbotik atera nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.