«Zaila izan da ehiza bideragarriaren eta herritarren segurtasunaren arteko oreka aurkitzea»

Lortu dute akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ehiza federazioak. Tirabira amaitutzat eman dute, eta ehiztariek berriro ekin diete uxaldiei. Xabier Arruti diputatuaren esanetan, «ehizarako eremuak egokitu dituzte eta segurtasun neurriak areagotu».

Basurde bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Basurde bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
DONOSTIA
2025eko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurralde horretako ehiza federazioak «ehiza segurua egiteko neurri berriak ematen dituen agindua» adostu zuten joan zen astean. Iazko udan zabaldu zen haien arteko arrakala: ehiztari talde batek egindako tiroaren ondorioz emakume bat hil zen Deban (Gipuzkoa), eta ehiztari horiei zigor espedienteak ireki zizkieten. Ehiza federazioak, segurtasun falta argudiatuta, uko egin zion uxaldiak antolatzeari. Hilabeteetako negoziazioaren ostean, jarrerak hurbildu dituzte ehiztariek eta foru ordezkariek, eta berriro hasi dira basurdeen uxaldiak Gipuzkoan.   

2023ko abenduaren 17an jazotako ezbeharrak ezarri zuen mugarria.Ehiztari talde batek egindako tiro baten ondorioz, 75 urteko emakume bat hil zen. Etxean zegoen emakumea eta bala leihotik sartu zen. Ertzaintzak zenbait irregulartasun egiaztatu zituen: esaterako, ehiztariak baimendutako eremutik kanpo zeudela eta herritarren segurtasun eremu batean aritu zirela. Gertaera haren ondorioz, 22 espediente zabaldu zituen Foru Aldundiak iazko ekainean. Hiru kasu zigor bidetik izapidetzen ari dira, eta besteak zigor administratiboak dira —isun ekonomikoak eta ehiza lizentzia denbora batez kentzea—. Horiek ere epaitegietan daude, ehiztariek helegiteak jarri dituztelako.

Ehiztarien artean ezinegona sortu zuten zigorrek, eta irailean azaleratu zen gatazka. «Abuztuan argitaratu genuen ohiko foru agindua, urteroko bera», gogoratu du Xabier Arruti Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak. Egoera, ordea, ez zen urteroko bera. Irailarekin batera ireki zen ehiza denboraldia, baina uxaldiak egiteko eskaerarik ez zen egon. Ehiztariek planto egin zuten, segurtasunez ehizan ibiltzeko bermerik ez zutela argudiatuta.

Xabier Arruti
Xabier Arruti, Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko diputatua, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Foru Aldundiko ordezkariak eta Gipuzkoako Ehiza Federazioko kideak negoziatzen hasi ziren. «Prozesu luzea eta gogorra» izan dela nabarmendu du Arrutik, eta lortutako fruitua goraipatu. Ehizatzeko eremuak ondo zehaztea zen ehiztarien eskaera nagusia. Foru Aldundiak mapa digitalizatuak eman zizkien, baimendutako eremuak ahalik eta zehatzenak izan zitezen. Horrekin batera, «ordura arte eztabaidaezinak ziren kontu batzuk jarri ziren mahai gainean». Izan ere, ehiza debekatuta dagoen eremuetan salbuespenak egin zitezkeen aztertzen hasi ziren. Foru diputatuak argitu duenez, «oreka aurkitzea izan da zailena: ehiza bideragarri egitea eta herritarren segurtasuna bermatzea».

Akordioa lotuta, horren eragina begi bistakoa da: ehiztariak itzuli dira mendietara eta basoetara. «Joan den larunbatean nik neuk begiratu nuen, eta 30 bat uxaldirako baimenak eskatuta zeuden», jakinarazi du Arrutik.

Debekatutako eremuen berrikuspena

Segurtasuna dela medio, legeak debekatzen du ehiza, besteak beste, bideetan, errepideetan, erreketan eta etxebizitzatik gertu dauden eremuetan. Dena dela, Arrutiren esanetan, legeak aukera ematen du, arrazoituta baldin badago, leku horietako batzuetan salbuespenak egiteko eta, beraz, debekua kentzeko. Arrazoiak mendiaren bilakaerarekin lotuta daude. «Egun basoetan eta mendietan jarduera gutxiago dagoenez, sastrakez eta sasiz bete dira eremu asko». Horren eraginez, Arrutik azaldu duenez, lehen ikuspen ona zeukaten leku batzuk ez dira jada hain seguru, eta ehiztariek debekatuta zeuzkaten beste batzuk, ordea, seguruagoak dira orain. «Ehiza eremuak banan-banan berrikusi ditugu, eta mendiak izan duen bilakaeraren arabera egokitu ditugu».

«Ehiza eremuak banan-banan berrikusi ditugu, eta mendiak izan duen bilakaeraren arabera egokitu ditugu»

XABIER ARRUTIGipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko diputatua

Ehizarako zenbait eremu, beraz, zabaldu dituzte. «Ez kasu guztietan, soilik segurtasuna hobetzea dakarren kasuetan», argitu du foru diputatuak. «Mendira doazenek ere seguru sentitzeko neurriak ezarri ditugu: ehiztariek soka zuri-gorri batekin seinaleztatu behar dute ehiza eremua». Bizilekuetatik 200 metrora ehizatzeko debekua bere horretan geratu da. Debako ezbeharra izan zenean, balen irismenari buruzko informazio ugari zabaldu zen. Adituek azaldu zuten eskopeten eta, bereziki, errifleen irismena distantzia horretatik gorakoa dela, nahiz eta basurdeak ehizatzeko tiroak 50-75 metrora egin ohi diren. Edonola ere, ehiztarien esku geratzen da segurtasun neurriak betetzea eta arduraz jokatzea. Horretaz gain, uxaldiekin topo egin nahi ez duenak Foru Aldundiaren ehiza eta arrantza bisorean begiratu dezake, bertan ikus baitaiteke uxaldiak non egingo diren.

Zer da gainpopulazioa?

Akordioa lortu izanak pozik utzi ditu ehiztariak eta foru ordezkariak. ENBA nekazarien elkartea ere gustura dago. Basurdearen gainpopulazioaz hitz egiten dute haiek. Baina nola neur daiteke halakorik? Arrutik esan duenez, ez da matematikoa. «Baserritarraren ikuspegitik, gainpopulazioa dago espezie batek bere baserrian neurrigabeko kalteak eragiten dituenean. Herri eta hiriguneetan bizi direnenen arabera, haien auzoetan sartzen direnean. Nire ustez, gainpopulazioa egiten dituen kalteen arabera neurtzen da». Gainera, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ohartarazi duenez, «basurdeak gaitzak kutsatzen ditu: ganaduari, lehenengoz, eta, horren bidez, gizakiei». Azaldu duenez, «baserritarrek mendian jartzen dute ganadurako pentsua, eta basurdeak hasi dira hara joaten». Hortaz, leku berean jaten badute basurdeek eta ganaduak, kutsatze arriskua areagotzen da.

Bestalde, uxaldietan ehiztariek eskaintzen dituzten datuak ere jasotzen ditu Foru Aldundiak: ehizatutako basurdeak eta ikusi dituztenak zenbatzen dira. Ehizatutako basurde kopuruaren bilakaerari begiratuz gero, igoera bat antzematen da. 30.000 uxaldietan jasotako informazioaren arabera, 2001etik 2013ra, milatik behera basurde zenbatu zituzten (600-700 inguru). 2018an 2.000ko langa gainditu zuen, eta maila gorena 2020-2021ean izan zuen: 2.644 ale. Ordutik jaitsiera arina egon da, baina 2.000 ingurutik gertu dago oraindik ere.

Ehizaz gain, basurdeen populazioa kontrolatzeko beste biderik ote dagoen galdetuta, Arrutik jakinarazi du kaiolak jartzen direla —hiriguneetan, bereziki, ehiza arriskutsuagoa delako pertsonentzat—, eta botika baten bidez antzutzeko sistemak ere badaudela, «baina eraginkorrena, gaur-gaurkoz, ehiza da».

Ekologistak Martxan ez dago horrekin ados: «Tranpa-kutxak ez da ehiza metodo selektiboa, beste espezie batzuetako aleak harrapa ditzakeelako, baita espezie babestuetakoak ere», eta, gainera, taldearen ustez, «hirigune horietan bizi diren edo bisitatzen dituzten pertsonentzat arriskutsuak izan daitezke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.