Eskola segregazioa

EHIGEk salatu du Jaurlaritzaren segregazioaren aurkako neurriak ez direla efikazak

Guraso elkarteak ohartarazi du Jaurlaritzak Kataluniako eredua «kopiatu nahi duela. Aldarrikatu dute hezkuntza kohesionatzea lehenetsi behar dela.

EHIGEk gaur goizean aurkeztu ditu ondorioak Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 29a
17:17
Entzun

Kezkarekin dabil EHIGE sare publikoko gurasoen elkartea Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den hezkuntza politikekin. Lurdes Imaz koordinatzaileak azaldu duenez, Hezkuntza Saila Kataluniako segregazioaren aurkako neurrietan ari da hartzen inspirazioa «zalantzarik gabe». Elkartearen arabera, Jaurlaritzak bertako eredua «kopiatu» nahi du. Hortik datorkie ardura, «Kataluniako hezkuntza zerbitzuak ez duelako amaitu eredu dual publiko-pribatua».

Atzo egin zuten Eskola segregazioaren kontrako neurriak Katalunian mahai ingurua Lidón Gasull aFFaC-eko zuzendariarekin (Kataluniako sare publikoko gurasoen elkartea) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Sheila Gonzalez politika publikoetan eta gizarte eraldakuntzako doktorearekin, eta ondorioak aurkeztu dituzte gaur, Bilbon egindako prentsaurreko batean.

Iaz iragarri zuten ituna sinatu zuten lau alderdiek «hainbat baldintza betetzen dituzten» titulartasun publiko eta pribatuko zentroak hezkuntza zerbitzu publikoan bilduko zituztela. Segregazioari aurre egiteko baliagarria izango zela adierazi zuten orduantxe, eta, horrenbestez, itunpeko ikastetxeek ere egoera zaurgarrian dauden umeen tasa bat izango dute.

Zalantza ageri dute EHIGEkoek, neurriak ez zaizkielako «oso eraginkorrak» iruditzen. «Alde batetik, ikusten genuen eskola leku pribatuen eskaintza gehiegizkoa dela, hainbat herritan, jaio diren umeak baino leku gehiago eskaini dituztelako itunpeko ikastetxeek», adierazi du Imazek. Gainera, ez dute uste ikasle zaurgarriak identifikatzeko modua objektiboa izan denik. Esplikatu dutenez, galdetegi bat bete behar izan dute familiek, eta ez da kontrolagarria izan. Neurri «objektiboak» eta «kontrolagarriak» eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari.

Hainbat irakaspen atera dituzte Kataluniaren testuingurutik EHIGEkoek. «Argi geratu da ezin direla parekatu titulartasun publiko eta pribatua duten ikastetxeak, logika desberdinekin funtzionatzen dutelako, eta hezkuntza administrazioak ezin duelako batean eta bestean modu berdinean esku hartu», adierazi du Imazek. Katalunian, «itunpeko bakar bat ere ez» da geratu zerbitzu publiko horretatik kanpo.

Hezkuntza kohesionatua

Imazen esanetan, «argi dago» eskola publikoa indartu behar dela, eta Bartzelonan huraxe sustatzeko politika «interesgarriak» egin direla adierazi du. «Gainera, argi geratu zaigu eredu pribatuko gehiegizko eskaintza murriztu egin behar dela, eskolaren premietara egokitutako eskaintza egin behar dela».

EHIGEk aldarrikatu du garrantzitsua dela udalen parte hartzea sustatzea. Imazen berbetan, Kataluniako legean eta dekretuan «oso garatuta» dago udalek planifikazioan eta onarpenean izaten duten papera. «Argi geratu zaigu familiek eskola aukeratzeko duten eskubidea ezin dela inondik ere hezkuntza sistema kohesionatua lortzeko helburuaren gainetik egon», esan du, eta hainbat neurri galdegin ditu ikastetxeen baliokidetasuna lortzeko. «Lortu behar dugu ikastetxe guztiak onak izatea, kohesionatuak izatea, antzeko izaera izatea, azpiegiturak izatea eta zerbitzu guztiak».

Imazek deitoratu du gaitza egiten ari zaiola EHIGEri sakoneko balorazio bat egitea, berme batzordeetan parte hartu arren, oraindik Hezkuntza Sailak ez dituelako deitu. Gardentasuna eskatu dio Jaurlaritzari. «Hezkuntza Sailak informazioa eman behar digu hezkuntza eragileoi, egiten dituen politikei benetako kontrol bat eta jarraipen bat egin ahal izateko»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.