Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola jangelen arloan onartu dituen azken aginduak aztertu ditu EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, eta esan du «engainatuta» sentitzen dela, araubide horietan «atea itxi» zaielako bestelako eredu bat lantzeko egitasmoei. Eredu «osasuntsuago, jasangarriago eta pedagogikoago» bat dute buruan, baina horretan aurrerabideak sustatu beharrean, uste dute administrazioak nahi izan duela «makroenpresek kudeatutako» eredua «blindatzea».
Bereziki salatu dute aginduetako batean beren-beregi jartzen duela «sektoreko enpresak» kontratatuko direla jantoki zerbitzua emateko. «Promesa amaigabeen ondoren, erabaki du dena berdin mantentzea eta eskola komunitateak etengabe zalantzan jartzen duen eredua iraunaraztea», salatu du elkarteak.
Era horretan jokatuta, eskola jantokiak bete behar dituen «funtzio pedagogikoak» ez aintzat hartzea egotzi diote Jaurlaritzari. «Haurrek eskola denboraren %30 jantokian igarotzen dutela kontuan hartuta, zergatik utzikeria hori?», galdetu dute. Bide horretan, jantokiko langileen «profilari» begira ere hobekuntzarik ez proposatzea eta sukaldeak eraikitzeko egitasmoetarako-eta biderik ez irekitzea leporatu dio.
LABek ere kritikatu ditu Jaurlaritzak arloan onetsitako azken araubideak.