EHIGEk Hezkuntza Legearen aurkako manifestazioan parte hartzera deitu du

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, manifestazioa egingo dute urriaren 29an, Donostian. EHIGEren irudiko, EAEko Hezkuntza Lege proiektua ez da eskola publikoak behar duena.

Euskal Eskola Publikoaz Harrok antolatutako manifestazioa, iaz, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 16a
16:09
Entzun

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea ez dago ados ontzen ari diren EAEko Hezkuntza Lege berriarekin: «Lege proiektu honek ez du lehenesten eskola publikoa —hurbileko hezkuntza, kohesionatua, laikoa eta euskalduna berma dezakeen bakarra—». Horiek horrela, eskatu dute Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak urriaren 29rako Donostian deitutako manifestazioan parte hartzeko: «Hau ez da ez eskola publikoak eta ez euskal gizarteak behar duen legea».

Izan ere, EHIGEren irudiko, lege proiektuak «maila berean» jartzen ditu eskola publikoak eta itunpekoak, «eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa jarri beharrean»: «Hezkuntza sistema publiko-pribatu duala betikotzen du, azken urteetan ikasleak hautatzen eta gizartea desegituratzen gehien lagundu duten tresnetako bat».

Horrek ondorioak ditu, EHIGEren esanetan. Finantzaketan, esaterako: «Inolako baldintzarik gabe, ikastetxe pribatuetara bideratzen ari dira eskola publikoak behar dituen baliabideak». Gainera, haien esanetan, lege proiektuan ez dago asmorik «eskola publikoaren perimetroa handitzeko». Eta euskararen erabilerari eta ezagutzari dagokionez ere, ez dute bermerik ikusten: «Egungo D ereduan ditugun hutsuneei erantzun beharrean ikasle guzti-guztiei euskararen ezagutza eta erabilera bermatuz, atzerapausoak emateko arriskua dago lege proiektuak jasotzen duen esparru eleaniztuna deritzonaren bidez». Halaber, autonomian eta parte-hartze ereduan ere ez dute ikusten aurrerapenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.