Hezkuntza

EHIGEk eskola jantokiak kontrolatzeko kanpaina bat hasi du

Ikasturtea hastearekin batera zerbitzua ematen duten enpresak aldatu egin direla esan du, eta «kexa eta kezka» ugari sortu direla

jarraia234994.jpg
arantxa iraola
2023ko azaroaren 10a
10:49
Entzun

Oharra plazaratu du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, eta jakinarazi du kanpaina bat abiatu duela eskola jantokiak kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko. Euskal eskola publikoaren barruan ordezkaritzarik handiena duen erakundea da EHIGE. Adierazi dute ikasturtea hastearekin batera aldatu egin direla jangeletara janaria eramaten duten enpresak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan, eta «kexa eta kezka» ugari sortu direla. Egunotan oihartzuna izan du, esaterako, Arabako Dura herriko kasuak; jakin da haurrei harrak zituen janaria eman zietela, eta bota egin behar izan zutela.

EHIGEk kritikatu du familiek parte hartu ez izana egin den enpresa aldaketan, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «alde bakarretik» landu izana enpresek bete beharreko baldintzak. Jokabide okerra da hori, gurasoen iritziz. Gogora ekarri dute, gainera, zerbitzuaren zatirik handiena familiek pagatzen dutela: %60 inguru.

Aurren-aurrena, jangeletan atzematen ari diren kexuak jasotzeko asmoa dute EHIGEn kanpaina honen bidez. «Hilabetez» jardungo dute zeregin horretan. Epe luzerako helburu bat ere jarri dute: «Enpresa adjudikatuek bete behar dituzten baldintzen jarraipen eta kontrol mekanismoak abian jarriz, bete daitezen, eta Hezkuntza Sailari exijitzeko zerbitzu horrek behar dituen aldaketak eta hobekuntzak».

Gogoratu dute elkartearen helburu behinenenetarikoa dela hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatzea eskola publikoaren kalitatea hobetzeko, eta kanpaina hau bete-betean sartzen dela helburu estrategiko horretan. «Era berean, eskolan elikadura osasungarriagoa, justuagoa eta iraunkorragoa ere lortu nahi dugu», nabarmendu dute.

Langile ikastolan ere arazoak

Jangeletako arazoen erakusgarri, gaur Hernaniko Langile ikastolak egin duen jakinarazpena: «Gaurko lehen platera ez zerbitzatzeko abisua jaso berri dugu». Badaezpada ere plater guztiak erretiratzea erabaki dute. Izan ere, jangeletan ere ikusi dute heldu zaien janaria ez zegoela egoera onean: harrak agertu dira hemen ere. «Laubidietako haur baten platerean har bat du topatu du haurrak berak».

Zentroko arduradunek esan dute «kexa eta haserrea» adieraziko diotela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gertatu denarengatik, eta hezkuntza komunitate osoari eskatu diote hori bera egiteko. «Gure haurren eta gure lankideen osasunarekin jolasean aritzea ez dugu onartuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.