EHGAMek dei egin du Bilbao Bizkaia Harro jaialdiari boikot egitera

Elkarteak salatu du jaialdi horrek «zuriketa arrosa» egiten duela, eta LGTBI mugimenduaren aldarrikapenak eta arazo historikoak «merkantilizatzen» dituela.

Bilbao Bizkaia Pride jaialdia, 2017an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Bilbao Bizkaia Pride jaialdia, 2017an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko ekainaren 6a
09:50
Entzun

Ekainaren 28a LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izango da, eta LGTBI mugimenduak denetariko mobilizazioak egingo ditu Euskal Herri osoan. Aldi berean, Bilbao Bizkaia Harro jaialdia egingo dute Bilbon, Ortzadar LGTB elkarteak antolaturik. EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak herritarrei dei egin die jaialdi horri boikot egitera, «LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenak eta arazo historikoak merkantilizatzen dituelako».

Ohar baten bidez, EHGAMek salatu egin du Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak jaialdi horri ematen dioten babes ekonomikoa. Zehaztu dutenez, hiru erakunde horiek 400.000 euro inguru eman dizkiete jaialdiaren antolatzaileei 2019tik iaz arte. «Programa Bilboko Udaleko Turismo Sailak diseinatu du, eta Ortzadar LGBT elkarteak antolatu. Elkarte hori da diru laguntza publiko horien onuradun bakarra, eta EAJren gertukoa da».

Argi adierazi du EHGAMek: Bilbao Bizkaia Harro jaialdiak «zuriketa arrosa» egiten du. «Ospakizun hori erdi eta goi mailako atzerriko turismo gay diruduna sustatu asmo duen plan merkantilista baten parte da, eta horren atzean LGTBI+ mugimenduak Bilbon eta Bizkaian dituen behar, arazo eta aldarrikapen errealekiko erabateko interesik eza ezkutatzen du», nabarmendu du elkarteak, eta erantsi du jaialdi horien helburu bakarra «negozioa egitea» dela.

«Horrelako plan merkantilistak alderdi politiko neoliberalek borroka aldarrikatzaileak eta emantzipatzaileak asimilatzeko duten estrategia baten parte dira. Halako alderdien helburua da LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenerako grina murriztea eta Harrotasunaren Egunaren espiritu kritikoa desagerraraztea, diru publikoz finantzatutako ekitaldi handien bidez», gogorarazi du EHGAMek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.