Euskararen aldeko pintaketak egiteagatik atxilotu bi ekintzaileak askatu dituzte

Baionako epaitegi gainera igo dira EHEko bi kide, eta 'Justizia euskararentzat' leloa idatzi dute. Frantziako Poliziak atxilotu eta Baionako komisariara eraman ditu; arrats honetan libre utzi ditu.

EHEren ekintza Baionako Auzitegian. BERRIA
Jone Bastida - Ekhi Erremundegi Beloki
Baiona
2024ko abenduaren 3a
14:10
Entzun

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduko bi kide Baionako epaitegiko teilatu gainera igo ziren atzo, eta euskararentzat justizia eskatu zuten. Hain zuzen, Justizia euskararentzat leloa idatzi zuten epaitegiko horman. Frantziako Poliziak atxilotu eta komisarian sartu zituen Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga dira bi ekintzaileak. EHEko beste kide batzuk ere identifikatu zituzten ekintza bukatu ondoren. Arratserako, aske utzi zituzten Torre eta Gurrutxaga. 

Aurretik, teilatu gainean zeudela, adierazi dute hainbat instituziok «beren burua zuritzeko» erabiltzen dutela Euskararen Nazioarteko Eguna. «Guk, berriz, euskararentzat justizia eskatzen dugu». EHEko kideen hitzetan, euskaldunon hizkuntza eskubideak «etengabe» zapaltzen dituzte, eta Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen dute. 

«Baionako epaitegian egindako pintaketa honekin salatu nahi dugu Frantziako Konstituzioak eta gaur egungo legediak euskaldunak baztertzen dituela», adierazi du Gurrutxagak. «Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioak ere gure eskubideak zapaltzen ditu, eta azken garai honetan oldarraldi bat ere bada: euskaldunok borrokaz irabazi genituen eskubideak atzera eramaten dituzte», erran du Torrek. Horren aitzinean, EHEko kideek «ezinbestekotzat» jo dute Euskararen Errepublika, «Euskal Herria berreuskalduntzeko, eta euskaraz bizi ahal izateko». Bidean, intsumiso jarrera kolektiboak garrantzitsuak direla esan dute. 

Larunbatean Durangon egingo duten manifestazioan parte hartzera ere gomitatu dituzte euskaltzaleak.

Bi epaiketa eta isunak

Ez da lehen aldia Torre Roca atxilotzen dutena. Lehenago ere egin ditu euskararen aldeko desobedientzia ekintzak, Herribiltza taldearekin eta EHErekin. Bi aldiz epaitu dute Baionako Auzitegian, eta bietan uko egin dio epaiketan parte hartzeari, epaileak ez baitio onartu euskaraz deklaratzeko eskubidea. 

Martxoan izan zuen lehen epaiketa Torre Rocak, 2023ko irailean Herribiltzak euskararen alde egindako pintaketa batzuengatik. Hilabeteko presondegi zigorra eman zioten, gibelapenarekin, eta bostehun euroko isuna ordaintzera zigortu zuten. Dei egin zion auziari. Irailean berriz epaitu zuten, Baionako suprefeturan pintaketa egin eta frantses hutsean idatzitako hainbat bide seinale kentzea leporatuta. 3.268 euroko isuna ezarri zioten denera.

Nafarroa Behereko EHE taldeak urrian iragarri zuen Torre Rocak ez dituela ordainduko Baionako Auzitegiak ezarri dizkion isunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.