EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak jakinarazi du joan den ostiralean Iruñerriko EHEko bi kide «identifikatu eta mehatxatu» zituela Iruñeko Udaltzaingoak. EHEko ordezkariek sare sozialetan zabaldu duten bideo batean azaldu dutenez, bi kideak Baionan apirilaren 6an egingo duten manifestazio nazionalerako pankartak eta kartelak jartzen ari ziren, eta orduan hurbildu zitzaizkien poliziak.
Hori ez da EHEko kideek egunotan egin duten salaketa bakarra: astelehenean salatu zuten, ordu txikietan Renfeko zinpeko guardia bat gazte bati oldartu zitzaiola Tolosan (Gipuzkoa), mutilak euskaraz mintzatzeko eskatu ziolako. Euskararen kontra hitz eginez erantzun zion zaintzaileak gazteari: «Euskara? Espainian zaude, eta espainieraz hitz egingo dizut, eta zuk espainieraz erantzungo didazu. Ez bazaizu gustatzen, izorra zaitez». Protesta egin zuen gazteak, eta lurreran etzanarazi guardiak, indarrez. Hainbat minutuz eduki zuen mendean hartuta. EHEko kidea da gazte hori ere.
EHEko kideek argi dute gertaera horiek euskararen aurka harrotuta dabilen «oldarraldiaren» ondorioa direla. «Erantzun irmoa» eman behar delakoan, Baionan apirilaren 6an egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu dute. Erantzun «tinko eta kolektibo bat» garatzeko bidean mobilizazioa mugarri izan dadin nahi dute.
Ikusi gehiago