EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek salatu du taldeko kide bati eraso diotela Tolosan (Gipuzkoa). Jakinarazi dute tren geltokiko segurtasun agente bat Donostiako gazte bati oldartu zitzaiola bart gauean, mutilak euskaraz mintzatzeko eskatu ondotik. «Euskaldunon aurkako mezuak oihukatzen hasi, eta EHEko kidea lurrera bota eta atxikita eduki du denbora batez», adierazi dute X sarean zabaldu duten mezuan.
Argazki bat ere zabaldu du EHE-k mezuarekin batera. Mutil gazte bat ageri da lurrean, segurtasun agentea haren gainean dagoela, gazteari paparretik helduta. Beste segurtasun agente bat dago ondoan, zutik.
Goizaldean agertu da salaketa lehen aldiz, sare sozialetan gertatutakoaren berri emanez. Lekukotasun horren arabera, «niri ez egin euskaraz» eta «Hau Espainia da» erran dio segurtasun agenteak gazteari.
Gaur Tolosan segurata batek lurrera bota du Donostiako gazte bat euskeraz hitz egiteko eskatu ostean... "A mí no me hables en euskera" eta "esto es España" esanez. Horrelako jendetza gure artean egoteak beldurra ematen du. Hizkuntza dfendatu dezagun, horrelako kolonoak kanporatuz
— Urki (@xa2kain) March 3, 2025
EHEk «gogor» salatu du gertatutakoa, eta horrelako erasoak onartezinak direla erran du. Gaiari buruz jarduteko agerraldi bat egitea aztertzen ari direla jakinarazi dute.
Andu Martinez de Rituerto Arregi Tolosako alkateak txio batean erreakzionatu du, salaketa «kezkaz» jaso duela erranez. «Udaletik gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatuko ditugu; dena dela, euskaldunon kontrako erasoak erabat arbuiagarriak dira, baita jarrera fisiko horiek ere».
Urte hasieratik Eusko Jaurlaritzaren eskumena da Renferen aldirietako bost lineak kudeatzea. Segurtasun agenteei dagokienez, Renfek beste enpresa bati azpikontratatzen dio zerbitzua. Renfek BERRIAri adierazi dio ez duela gertatutakoari buruzko informaziorik.