EHEk manifestazio nazionala eginen du Baionan apirilaren 6an

Apirilaren 11n epaituko dituzte Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre Baionako Auzitegian egin zuten desobedientzia ekintzagatik.

Euskararen Nazioarteko Egunean ekintza egin zuten Baionako auzitegian. EHE
Euskararen Nazioarteko Egunean ekintza bat egin zuten Baionako auzitegian. EHE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko otsailaren 6a
15:48
Entzun

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek manifestazio nazionala eginen du Baionan apirilaren 6an, Justizia euskararentzat lelopean. Egun batzuk geroago epaituko dituzte Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre Roca Baionako Auzitegian, abenduaren 3an egin zuten desobedientzia ekintzagatik. Auzitegi horretako teilatura igo ziren, eta «Justizia euskararentzat» mezua idatzi zuten paretan. Frantziako Poliziak atxilotuta eraman zituen, baina arratsean berean askatu zituzten. Gutxi gorabehera urte bateko epean Torrek izanen duen gisa bereko hirugarren epaiketa da.

Azken urteetan indartzen ari den euskaldunen kontrako oldarraldiarekin lotu ditu EHEk bai epaiketa eta bai mobilizazioa. «Forma eta itxura desberdinez jantzita etorri arren, euskaldunon aurkako oldarraldiak finean helburu nagusi bat du: euskararen biziberritze prozesua oztopatzea eta euskaldunon hizkuntza eskubideetan atzerakada eragitea», adierazi dute agerraldi batean. Oldarraldia judiziala ez ezik «politikoa, mediatikoa eta sindikala» ere badela baieztatu dute: «Erasoaldi horren erantzuleek lotsarik eta ahobizarrik gabe dihardute diskurtso euskarofoboak sortzen eta haizatzen».

Horrez gain, erran dute euskararentzat justizia eskatuz euskaldunentzat ere eskatzen dutela justizia. «Izan ere, euskaldunok gorpuzten dugu euskara, eta, ondorioz, euskaldunak gara erasoaldi hori pairatzen dugun subjektuak, subjektu zapalduak. Zapalkuntzak euskaldunon eskubideak eta askatasuna murriztea eragiten du, eta horrek gizarte bidegabeago baterako oinarriak elikatzen ditu». 

Eremu anitzetan ikusten dute justiziarik eza, hala nola Ipar Euskal Herrian, euskarak ez baitu legezko ofizialtasunik, eta erakunde publikoetan ukatzen baitute. Baina euskara ofiziala den lurraldeetan ere ofizialtasunak «muga ugari» dituela erran dute. Euskarak hezkuntzan dituen mugak ere gaitzetsi dituzte, eta salatu dute sistema judizialean euskaraz aritzeko eskubidea ez dela bermatua. Bestalde, iritzi diote erakunde publikoek euskalgintzari ematen dizkioten diru laguntzak «oso eskasak eta murritzak» direla. Txartzat jo dute euskararen eta euskaldunen eskubideen alde egiteagatik jazarpen politiko eta ekonomikoa pairatzea ere.

«Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika» behar dela adierazi zuen EHEk abenduaren 7an Durangon egin zuen protestan. Euskararen aldeko «olatu berri bat harrotzeko beharra» dagoela azpimarratu zuten orduan, «faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko fronte euskaltzalea, Euskararen Errepublika ipar izango duena». Hala, euskaltzaleei dei egin diete apirilaren 6an justiziarik ezarekin «kikildu» ordez desobedientzia ekintzak indartu eta «kaleak hartu» ditzaten, harrotasunez. Apirilaren 11n elkartasun ekitaldi bat eginen dute epaitegira deituriko bi ekintzaileen sostenguz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.