Urko Aierbe. EHEko kidea

«EHEk jarrera eraikitzaileagoa izan behar du»

Gogoeta prozesua amaitu berri, Euskaraz Bizi Eguna egingo du etzi EHEk, Arrasaten. Aurrera begirako lan ildoak zehaztu dituzte, eta espero dute udazkenerako bete-betean lanean hastea.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Gogoeta prozesu bat amaitu berri du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Txosten bat onartu dute, Euskal Herri euskaldunari ateak ireki izenburupean, datozen urteetarako lan ildoak zehazteko. Ziklo aldaketari begira jarri dira, taldeko kide Urko Aierbek dioenez (Donostia, 1974). Etzi aurkeztuko dituzte jendaurrean lan ildoak, Euskaraz Bizi Egunean. Arrasaten (Gipuzkoa) izango da. Egun osorako egitaraua prestatu dute.

Ez dira urterik oparoenak izan EHErentzat. Gogoeta egin duzue egoeraz. Zer gertatu da?

Ikusten genuen gero eta talde gutxiago zeudela, kide gutxiago, ekintzak garatzeko zailtasunak... Ikusi genuen arazo bat geneukala, eta gaiari heldu behar geniola. Barruko ikuspegiarekin planteatu zen gogoeta hasieran, baina ikusi genuen ez zirela bakarrik barruko faktoreak, eta gogoetak dimentsio handiagoa behar zuela. Kanpo ekarpenak ere jaso ditugu, bestelako ikuspegiak jasotzeko.

Indarberritzeko aukerarik sumatzen duzue? Zer aldarte dago?

Uste dut asmatu dugula gogoetarekin. Behar zen begirada altxatzea eta ikuspegi zabalagoz egitea hausnarketa, munduan eta jendartean gertatzen ari diren aldaketek zuzenean eragiten baitigute. Militantzia eredua eta kaleko lana aldatzen ari da, eta EHEri bete-betean eragiten dio horrek. Gogoeta baliagarri izan da berrindartzeko, eta EHEren iritzia eguneratu eta garai berrietara egokitzeko.

Militantziarekin lotuta, gazteengana iristeko arazoak dituzue?

Gurean alderantziz izan da historikoki: ez da gazte antolakunde bat, baina batez ere gazteek osatu dute EHE. Hori ere gogoetan egon da. Ikusi dugu horri aurre egin behar geniola, belaunaldi nagusiagoei aukera eskaini behar diegula ekarpena egiteko. Baina ahalegin bat egin behar dugu gazteengana hurbiltzeko: beste mundu ikuskera batekin datoz, beste funtzionamendu batekin. Haiekin konektatu behar dugu. Gazteena ere bada euskararen etorkizuna.

Ziklo aldaketaren ideia oso hedatua dago euskalgintzan. Horretarako ekarpen gisara har daiteke zuen gogoeta txostena?

Bete-betean. Lehen aipatutako faktoreen artean dago euskalgintza bidegurutzean egotea. Azken 40-50 urteetan paradigma batekin lan egin dugu, baina, gure ustez, goia jo du orain arteko paradigmak. Aldaketa sakona behar dugu. Berreuskalduntze prozesuak jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat behar du. Bultzada berri bat. Ez orain artekoa ukatzeko —aurrera egin dugu—, baizik herri honek erabaki dezan jauzi hori.

EHE «krisian» dagoela dio txostenak. Euskalgintza nola dago?

Partekatua da bidegurutzearen ideia, garai baten amaieran gaudela. Ekarpena egin nahi diogu euskalgintzako beste eragileekin abiatua dagoen elkarrizketari; ea lortzen dugun jauzi hori denon artean eraikitzea. Denon artean osatzea nolakoa izango den euskararen aldeko jarduna hurrengo urteetan. Euskalgintzaren elkarlana da aberastasunetako bat, eta horretan sakondu behar dugu.

Eta, aldaketa horri begira, zer aldatu beharko du EHEk berak?

Gauza asko. Gauza asko berretsi ditugu, nagusiki helburua: Euskal Herri euskalduna. Euskararen hiztun komunitatea mantenduko bada, euskarak iraungo badu, ezinbestekoa da Euskal Herri euskalduna, euskaraz normal sortu eta birsortuko den komunitate bat. Horretara iristeko, bai, aldaketa batzuk egin behar ditugu. Batetik, EHEk lan ildo desberdinak garatzea. Egoeren aniztasun handia dago: herri batzuk askoz aurreratuago daude —arnasguneak—, eta hor lan ildo batzuk garatu behar dira; baina beste batzuek ez dute izan hainbesteko aurrerapena, eta beste eredu batzuk jorratu behar dira hor. Bestetik, antolaketan eta funtzionamenduan jauzia eman behar dugu. Jendartea asko ari da aldatzen. Funtzionamendua izan da herrika pertsona zehatzez osatutako talde bat egotea, aldian-aldian biltzen zena. Gero eta zailagoa da antolaketa horri modu hertsian eustea. EHEn ekarpena egiteko modu desberdinak sortu behar ditugu.

Erakundeekiko harremana ere hizpide duzue; elkarlanaren beharra aipatzen da. Aldaketa da?

Deigarria izan da gai hori. Harritu egin gaitu. EHEren kanpo ekintzak ikusita, izan dugun salaketa ildoa, bazirudien gu instituzioen aurka geundela. Baina guk instituzioak ez ditugu kritikatzen instituzio direlako, baizik duten hizkuntza politika. Egia da zoritxarrez nagusitu dela salaketa ildo hori, baina izan dira elkarlan eremuak: udaletako aholku batzordeetan, ordenantzak, Uemaren gisako erakunde baten proposamena EHEtik etorri zen... Ez dugu jarrera anti-instituzionala eduki.

Zehazki jaso duzue orain, beraz.

Lehen aldia da esplizitu egin duguna. Bi baldintza jarri ditugu: batetik, instituzio horiek zintzoki euskararen normalizazioa bilatzea —eztabaida ez da erritmoa, norabide egokia baizik—; bestetik, euskalgintza osoarekin nolakoa izan behar duen harremanak. Zintzotasunean eta leialki egituratua izan behar du, parez pare antolatua. Ez euskalgintzaren subordinazioa. Zintzoki bagaude denok euskararen berreskurapenaren alde, hitz egin eta adostu dezagun nolako hizkuntza politika behar den. Elkar onartu eta errespetatuz, nor bere funtzioarekin, jauzia azkarragoa eta sakonagoa izan da.

Elkar aitortuz aritzea.

Bai. Adibidez, horren eredu ez da azken Euskararen Egunekoa: adierazpen bat egin zuten instituzioek, eta batuko zen edo ez planteatu zitzaion euskalgintzari. Ez zitzaigun aukerarik eman aurrez hitz egiteko. Ez da eredu egokia.

Beste gogoeta bat: «Ez dugu soilik defentsa edo eskaerara mugatu behar». Autokritika da?

Konstatazio bat. Euskararen defentsarako herri mugimendua izan da EHE. 40-50 urteotan aurre egin dugunez, ukatu gabe izango direla salaketa eskatuko duten gertaerak, indartu behar dugu eraikuntza ikuspegia. Ez da bat edo beste; elkarri lotuta doaz. Baina gero eta gehiago jarrera eraikitzaileagoa izan behar dugu: proaktiboa eta ekarpengilea. Ahaztu gabe aldarrikapena eta salaketa. Jauzia ematera bagoaz, ekarpen positiboetan oinarritu behar dugu.

EHEren zutabeetako bat izan da laguntza publikoei uko egitea. Gaia eztabaidara ekarri duzue.

Erabaki esplizitua zen diru laguntzak ez eskatzea, autonomiari eusteko eta instituzioekiko menpekotasunean ez erortzeko. Inertzia oso arriskutsuan erortzeko arriskua dago. Zer gertatzen da? Orain arte iturri ohikoak izan ditugunak —txosnak, materiala, bazkidetza...— pixkanaka gutxituz doaz. Planteatu dugu lehenik eta behin herriaren finantzaketa hori eraginkortzea, baina, nahikoa ematen ez badu, eztabaida dezagun diru laguntzetara jotzeaz. Eztabaida irekitzea planteatu dugu, ez epe motzean egitea.

Etzi duzue ekitaldia. Lehentasunak zehaztea da hurrengo lana.

Urte luze batzuetarako esparrua ezarri dugu gogoetarekin. Ezinbestez, lehentasun batzuk jarri behar ditugu. Udarako jarriko ditugu. Asmoa da ahalmen guztiarekin udazkenean lanean izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.