Ostegunean, Tolosako Renfeko geltoki parean, 19:00etan. EHEk hantxe batzera deitu ditu euskaltzaleak, salatzeko geraleku horretako zinpeko zaintzaile batek zer-nolako tratua eman zien lehengo astean elkarteko bi gazteri. Joan den astelehenean zabaldu zen berria: EHEk jakinarazi zuen tren geltokiko segurtasun agente batek «eraso» egin ziola gazte bati, mutilak euskaraz hitz egiteko eskatu ondotik. Gero jakin zen gaztea ez zegoela bakarrik, baizik eta adiskide batekin, eta biek batera eman zuten gertatutakoaren berri.
Halaxe oroitu zuen gazteetako batek zer erantzun zuen zinpeko zaintzaileak euskaraz egiteko eskatu zionean: «Euskara? Espainian zaude, eta espainieraz hitz egingo dizut, eta zuk espainieraz erantzungo didazu. Ez bazaizu gustatzen, izorra zaitez». Zinpeko zaintzaileak lurrean eduki zuen gazteetako bat, mugitu ezinda. EHEk hori erakusten duen argazki bat zabaldu du. Guardiak bularraldean ipini zion zangoa, eta ezin zen mugitu. Gazteak altxatzeko ahalegina egiten zuen bakoitzean, agenteak «bultza» egiten zion.
EHEk nahi du osteguneko protestak bi militanteei «elkartasuna» adierazteko balio izatea, baita euskaldunen aurkako «zapalkuntza oro» gaitzesteko ere. Hau izango da elkarretaratzeko leloa: Euskaldunon aurkako erasorik ez! Justizia euskararentzat.
Talde euskaltzaleak, baina, beste eraso baten berri ere eman du egunotan. Lehengo astean salatu zuen otsailaren 28an elkarteko bi kide «identifikatu eta mehatxatu» zituztela Iruñeko udaltzainek. Azaldu zutenez, apirilaren 6an EHEk Baionan egingo duen manifestaziorako pankartak eta kartelak jartzen ari zirenean hurbildu zitzaizkien poliziak.
EHEk manifestazio nazionala egingo du Baionan apirilaren 6an, Justizia euskararentzat lelopean. Egun batzuk geroago epaituko dituzte Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre Roca Baionako Auzitegian, abenduaren 3an egin zuten desobedientzia ekintza baten harira.