EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legearen aurka protestatzeko

EHEk Hezkuntza Legearen aurkako protesta egin du Eusko Legebiltzarreko atarian. Mugimenduak salatu du lege berriak arazoak «indartu» eta «itoginak» larriagotzen dituela.

EHE elkartearen protesta, Eusko Legebiltzarreko atarian. BERRIA
edurne begiristain
2023ko abenduaren 21a
10:30
Entzun

EAEko Hezkuntza Legea onartuko dute gaur Eusko Legebiltzarrean, eta EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek protestara deitu du gaur goizerako; ganberako atarian elkartu dira lehen orduan, legeari «planto» egiteko. Dozenaka lagun batu dira Hezkuntza euskalduna behingoz! zioen pankartaren atzean, legearen inguruko desadostasuna agertzeko. «EHEtik argi eta garbi adierazi nahi dugu: ez dugu Hezkuntza Lege hau onartzen», adierazi dute. Izan ere, Euskal Herrian Euskaraz-en ustez, euskararen berreskuratze prozesua «inflexio puntuan» den honetan, lege berriak arazoak «indartu» eta «itoginak» larriagotu egiten ditu. Hala, mezu argia helarazi nahi izan diete legea babestuko duten alderdiei: «Hezkuntza Lege honek ez digu balio; aurrekoa bezalaxe, iraungita dago».

«Euskal Herrian euskaraz» eta «Ez, ez, ez, lege honi ez» oihu artean egin dute elkarretaratzea, eta hura amaitzerakoan EHEko kideak legebiltzarreko atarira hurbildu dira, han kateatzeko asmoarekin. Une horretan, hainbat ertzain gerturatu zaizkie, eta EHEko kideak bultzaka bota dituzte.

Gaurko elkarretaratzean, EHEk erakutsi du Hezkuntza Legearen aurkako jarrera irmoa duela. «Egun gogorra da euskalgintzarentzat», aitortu dute EHEko kideek. Hala, legea babestuko duten EAJri eta PSEri mezua argia bidali diete protestarekin: «Euskararen biziberritze prozesuan egiturazko galga itzela jartzen ari dira».

Hizkuntza eredu sistema gainditzeko eskatu du Euskal Herrian Euskaraz-ek, eta murgiltze eredua hobetzearen alde egin du. «Nola euskaldunduko ditu ikasleak ereduen araberako bereizketa mantentzen duen sistema batek? Nola bermatuko da euskarazko B2 maila ikasle guztiek eskuratzeko helburu hori betetzea, egituraz dena berdin mantentzen badute?», galdetu du.

Halaber, hezkuntza komunitate euskaltzaleari, irakasle, ikasle, guraso zein bestelako langileei eskatu diete legeari «planto» egin diezaiotela eta hezkuntza euskaldunaren alde borrokatu daitezela, euskararen alde eragiteko eta hezkuntza «benetako euskalduntzearen bidean» jarriko duen legea lehenbailehen irits dadin antolatzeko. EHEk eskua luzatu die eragile guztiei bide horretan elkarlanean aritzeko, eta hezkuntza euskaldunaren norabidean «aktibatzeko, antolatzeko eta borrokatzeko» eskatu.

Sindikatuak ere kontra

Beste zenbait eragilek ere plazaratu dute iritzia, sare sozialen bidez. ELA sindikatuak, esaterako, salatu du «hezkuntza komunitatearen eta euskalgintzaren kontra» onartutako legea dela, eta, nabarmendu du, horrenbestez, ez duela zilegitasunik. LAB ere, kritiko: «Euskal eskola publiko komunitarioaren bidean, hezkuntza burujabeari oztoporik ez». Baita Steilas ere. Ziurtatu dute «lege pribatizatzailea eta elitista» dela eta ez duela euskararen alde egiten. «Ez dezagun utzi lege honek 30 urte biziraun ditzan. Jarraitu dezagun euskal eskola publikoaren alde borrokan».

Sindikatuez harago, Ikamak ere ziurtatu du ez duela legea begiko: «Ikasleok argi dugu honekin ez goazela inora. Beste batzuk ez bezala, guk lanean jarraituko dugu hezkuntza sistema hau irauli arte»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.