EHBaiko partaide diren Abertzaleen Batasuna, Sortu eta EAk larrazkeneko beren biltzar nagusien karietara hartu beharko dituzten erabakiak prestatzeko aukera eman du EHBaik koalizioak lehen aldiz antolatu dituen udako unibertsitatea Arbonan (Lapurdi). Bertan ez dute erabakirik hartu, baina gogoeta sakonetarako balio izan du asteburukoak.
Nola baloratzen dituzue bururatu hiru egun gogoetatsu hauek?
ANITA LOPEPE (A.L): Udako eskolek denborarekin aritzeko parada eskaintzen dute, ez presaka. Hori aprobetxatu dugu. Ikusiz lehentze zela EHBaik bere izenean antolatzen zituela, uste dut arrakastaren ezaugarririk handiena ibilbide desberdina duten jendeen artean gai beraren inguruan, memento berean eta toki berean gogoetatzea izan dela.
PEIO ETXEBERRI-AINTZART (P.E.A): Ukan ditugu eztabaida biziki sakonak: Europako hauteskundeei buruzkoak, adibidez, edo herri bozez, baita bake prozesuaz ere. Ez dira izan debaldeko eztabaidak. Elementu konkretuak aipatu dira, gero erabaki konkretuen hartzeko balioko dutenak.
Unibertsitate hauetan ez da erabakirik hartzen, baina senti da badela erabaki hartzeko, sendi den bezala hauteskundeak ez direla urrun...
A:L: Etorriko da garai bat non gai horiei buruz beharko den trenkatu. Europako hauteskundeei buruz EHBaik izanen duen postura, herriko bozei begira. Hautetsien karta eta gure oinarri minimoak zein diren; hori ere beharko da trenkatu. Hor da eztabaidatzeko garaia. Eta beharrik badirela hainbat ikuspegi, bestenaz aspertuko ginen. Baina nik uste dut arrakastaren beste ezaugarri bat dela hor ohartu garela badela konbergentzia bat. Ez da izan eztabaida bakar bat non izan diren bi edo hiru postura zinez desberdin. Eztabaida bakar batekin ere ez da horrelakorik gertatu: «ABkoek hori defenditzen dute, eta Sortukoek hori, eta hori eta hura»... Horrek erakusten du EHBai ari dela ontzen. Trantsizio fase horretan ari garela aitzina.
P.E.A: Ez gara prozesu baten abiapuntuan. Ageri da jadanik bide egin duela EHBaik. Hor, urrats berri bat egiten dugu metodologiaren aldetik, baina ageri da jadanik bide komun bat hartu dugula.
Abertzaleek hirugarren indarra irudikatzen dutela errepikatzen duzuela, potentzial hori nola landu galdera ere hor dago, ezta? Merkealdian saldu gabe eta, aldi berean, erakargarri izanez-edo, kasik abertzale izatea zer den galdera berriz mahai gainean pausaraziz, beharbada?
P.E.A: Eztabaida ez dut uste denik zer den abertzale izatea. Hori denek badakigu. Ordea, arrakastaren ondorioz, gure hauteskundeetako zerrendetan ez dira baitezpada bakarrik abertzaleak. Kolore ezberdinetako beste hainbat jende sartzen dira gure zerrenda berean. Eta horrek beste zailtasun batzuk dakarzki. Nola osatu herriko programa bat, bat egiten duena tokiko errealitatea gainditzen duen proiektu orokor batekin. Bigarrenik, definitu behar da abertzale gisa aritzeak zer dakarren programa gisa eta, ondotik ere, engaiamendu gisa. Hori normala da aztertu behar izatea, ez baitoa erran gabe. Horregatik ari gara karta bat, printzipio batzuk aztertzen. Ahal bezain zintzoki aritzeko, bihar arazorik ez izateko.
A.L: Abertzaletasunaren edukien inguruan ez da izan eztabaidarik. Hauteskundeen esperientziak baditugu, eta nahi ala ez paradak izan dira edukien inguruan gogoetatzeko. Hor beste ariketa bat dugu egin. Orain arte, hiru alderdi politiko gisa, bakoitzak bere erabakiak hartzen zituen, eta gero horiek koordinatzen ziren nolazbait. Hautetsien eremuan, hainbat hautetsi abertzale hautatuak ziren abertzale etiketarekin, edo gabe, eta horiek puntualki gauzak egiten zituzten elkarrekin, baina ez baitezpada. Hori zen egoera. Eta guk nahi dugu pasatu egoera batera non ez diren hiru alderdi, non kontatzen baitugu bi gehi bat, edo hirurek berdin, edo horrela. Da militantzia bateratu bat, eta zer dio. Eta hautetsien eremuan ez da bakoitzak egiten du ahal bezala. Da hautetsi sare bat, elkarrekin gogoetatzen duena eta posizioak elkarrekin hartzen dituena. Horretan gara. Eta ariketa da nola egiten dugun horretara pasatzeko. Sortzen diren eztabaidak dira gehiago: hau ez da errealista, hori hobeki da horrela. Egituratze fase batean gara, zinez.
Eta egituratze hori aitzinatu arau, zer leku gelditzen zaie AB, EA eta Sortu alderdi politikoei?
P.E.A: Hori da interesgarriena eta baikorrena afera horretan. Erronka bera aztertu nahi izan bagenu 2008an, ez zen berdin pasatuko beharbada. Beharbada, Batasuneko oinarria ariko zen alde batetik, ABkoa bestetik, eta independenteak galduak hor nonbait, eta bakoitzak defendatu nahian bere alderdiaren interesak. Asteburu honetan nehork ez duela horrelako galderarik pausatu. Ni ados izaten ahal naiz Sortuko batek erran duenarekin, berdin zaigu. EHBairen militanteen artean aztertzen dugu elkarrekin dugun gai bat. Eta hemendik aitzina horrela izanen da. Eta pixkanaka EHBaiko partaideen arteko diferentziak leunduko dira.
A.L: Alderdiak beti hor dira, gutxiago, adostua delako gutxiago presente izatea, presenteago izan dadin elkarlan mugimendu hori, baina ez dira bihar desagertuko. Trantsizioan gara oraino.
Udako unibertsitateak iragartzerakoan, ariketa politikoaz gain, ariketa humanoa ere izanen zela aipatu zenuten, zer eman du alde horrek?
P.E.A: Ez da sekretu bat erratea alderdi bakoitzean bazela oinarri militante bat ez zena politikoki elkarrekin aritzen. Hauteskunde batetik bestera, kanpainak elkarrekin eramanez, berriz ikasi dugu elkarrekin aritzen. Baina, ageri zen ere bai gauzak ez genituela baitezpada berdin kontzeptualizatzen. Komunikazio aldetik adibidez: nola komunikatu, zer terminoetan, zer maiztasunekin, zer tresnaren bidez. Horrelako gauzak begi bistakoak direla ematen dute, baina ez dira hala. Unibertsitateotan, elkarrekin tailerretan parte hartuz-eta agertu da kultura politiko bateratu bat osatzen ari garela gure artean. Eta hori beti izaten da azkenik agertzen dena prozesu politikoetan. Luzeena dena aldatzeko. Eta horrek du osatzen mugimendu politiko bateratzailea eta bateratua. Alde horretatik, jarduna biziki ongi pasatu da.
A.L: Egia da garai batean zatiketa politikoengatik harreman humanoak hoztu zirela, orain eztitzen ari direnak. Hiru egun elkarrekin pasatzeak nahi ala ez laguntzen du hurbiltzen.
Hiru egun hauetan formakuntzak eskaini dituzue.
A.L: Erabaki dugu EHBai ez bakarrik izatea hauteskudeentako koalizio bat. Eragiteko hortik kanpo ere. Eta horretarako, behar dugu geure burua behartu borroka pentsatzera instituzioetatik kanpo. Esperientzia luzea bada Euskal Herrian maila horretan. Eta gure erantzunkizuna da, ezkertiar abertzale garen aldetik, ez bilakatzea bakarrik hauteskundeetara presentatzen den tresna bat. Gure herriko etxeak edo ditugun instituzioak kudeatzen dituenak bakarrik. Hori gure borrokaren parte bat da, baina gero bada herrigintzaren atala.
P.E.A: Ez gara talde aktibista bat. Mugimendu politiko bat gara. Herri honen alternatiba politikoa izateko formatzen dugu geure burua, formatzen ditugu biharko militanteak, biharko hautetsiak. Eta horregatik izan dira hainbat tailer tekniko. Osotasun bat ari gara lantzen. Herri mugimendu hori bidean jartzeko, koherentzian eta eraginkortasunez.
Anita Lopepe eta Peio Etxeberri-Aintzart. EHBaiko bozeramaileak
«EHBai ontzen ari dela ikusi dugu, trantsizio fase horretan aitzina goazela»
Hauteskundeei begira nola jokatu edo instituzioetatik kanpo nola eragin, horrelako gogoetak izan ditu EH Bildu koalizioak lehen aldiz antolatutako udako unibertsitatean. Hiru egunez aritu dira Arbonan (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu