EH Kom telekomunikazio operadorea sortu dute, Euskal Herriko arrakala digitala gainditzeko asmoz

Udalbiltzak, Izarkomek eta Hiritik At-ek elkarlanean sortu dute proiektua, Interneterako konexioa guztien eskura jartzeko helburuz.

EH Kom telekomunikazio operadorea sortu dute. MAIALEN ANDRES / FOKU
Oihane Puertas ONA
2022ko maiatzaren 11
13:51
Entzun

Euskal Herrian dagoen arrakala digitala gainditzeko helburuz, EH Kom telekomunikazio operadore publiko-komunitarioa sortu du Udalbiltzak, Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboarekin eta Hiritik At kooperatibarekin elkarlanean. Proiektuaren helburu nagusia da Interneterako konexioa guztien eskura jartzea. 2020. urtean hasi ziren EH Kom diseinatzen, eta gaur egin dute aurkezpena, Andoainen.

Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak adierazi duenez, NBE Nazio Batuen Erakundeak giza eskubide gisa aitortzen du Interneterako eta informazio eta komunikazio teknologietarako sarbidea. Hala ere, nabarmendu du arrakala digitala egon badagoela, eta bi arlotan gertatzen dela: batetik, geografikoki, herri eta auzo askotara ez delako kalitatezko Internet konexioa iristen; eta, bestetik, arlo soziokonomikoan, familia askok ezin dutelako kalitatezko Internet konexio bat kontratatu.

Egoera horri aurre egiteko sortu dute EH Kom; herritik eta herritarrentzat sorturiko sarea izango da, eta herritarren beharrak asetzeko erremintak eskainiko ditu. Horrela, proiektuarekin udalerrietan sare ireki, neutro, libre eta publiko-komunitarioak sustatu, garatu eta kudeatu nahi dituzte.

Azaldu dutenez, librea izango da, edozein zerbitzu digital emateko askatasuna ematen dutelako; eta irekia, edonork izango duelako erabiltzeko eta parte hartzeko eskubidea. Neutrala da edukiei dagokienez, independientea delako, eta publiko-komunitarioa, jabetza publikokoa izango delako; hau da, komunitateak kudeatua, sortua eta administraturikoa. Finean, ez delako etekin ekonomikoak lortu nahi dituzten multinazionalen esku egongo.

Kooperatiba eta lan ildoak

EH Kom operadorea irabazi asmorik gabeko kooperatiba integral gisa eratu dute, eta, diru sarrerarik egotekotan, «iraunkortasunean, hobekuntzan eta berrikuntzan» inbertituko dute. Kooperatiban hiru motatako bazkideak egongo dira: bazkide langileak, bazkide erabiltzaileak —udalerriak, tokiko operadoreak, eta azpiegiturak erabiltzen dituen edozein herri egitasmo—, eta bazkide laguntzaileak —proiektuarekin bat egiten duen edozein eragile—.

Operadorearen asmoa da udalerriz udalerri telekomunikazio azpiegiturak eraikitzea, tokiko eragileekin, udalekin eta herritarrekin elkarlanean, eta, pixkanaka, sare horiek «interkonektatzea». EH Komek bezeroak nahi duen telekomunikazio operadorea ezartzen lagunduko du, eta, horretarako, lau lan ildo planteatu dituzte. Batetik, aholkularitza teknikoa eta juridikoa eskaintzen diete udalei edota interesa daukan edozein eragileri; bestetik, tokiko sareen proiektua diseinatu eta garatzen dute, eta sare publikoetan kudeaketa eta mantenu lana ere egiten dute. Azkenik, partekatutako azpiegituretan «operadore neutroaren lana» euren gain hartzen dute; hau da, sare horiek ustiatuko dituzten operadoreen artean «elkarrekintza justua» bermatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.