EH Bilduk «pozez» hartu du Nafarroako Gobernua osatzeko akordioa. Hori adierazi zuen atzo Laura Aznal koalizioaren Nafarroako bozeramaileak. Gehitu zuen ez direla sentitzen itunari «lotuta»; ez baitute bertan parte hartu. Halere, eledunak ontzat jo zuen akordioa: «Aurrera egiten jarraitzeko lau urteko bide baten hasiera izan liteke inbestidura».
Atzo goizean batu ziren EH Bildurekin Nafarroako Gobernurako akordioa sinatu duten hiru taldeak. Bertan, itunaren nondik norakoak azaldu zizkieten, eta Aznalek bikuraren ostean egin zituen adierazpenak. Bertan, eskertuta agertu bazen ere, esan zuen denbora gehiago beharko dutela akordioa aztertzeko eta baloratzeko. Aukera baliatu zuen koalizio subiranistaren lehentasunak gogorarazteko: «Beti bezala, gure asmoa da eskubideak zabaltzen jarraitzea, zerbitzu publikoak indartzea, eta autogobernua sendotzea».
EH Bilduk negoziazioan izan duen jarrera ere justifikatu zuen; zergatik hasieran baiezkoaren alde egiteko prest agertu ziren, eta gero abstentzioaren alde: «Txibiteren inbestiduran baiezkoa bozkatzeko prest geundela jendaurrean esan genuenean, negoziazioak desblokeatzea zen gure asmoa. Asmatu genuela uste dut». Adierazi zuenez, momentu hartan uste zuten negoziazioak «geldirik» zeudela. Horregatik, iruditzen zaio «arduraz jokatzea» izan zela esatea prest zeudela baiezko botoa emateko: «Printzipio kontua zen, hauteskundeak berriro egitea edo eskuina joko zelaian sartzea eragozteko».
Aznalez gain, EH Bilduko Adolfo Araizek eta Miren Zabaletak hartu zuten parte atzoko bileran. Beste hiru alderdietatik, berriz, hauek bertaratu ziren: PSNtik, Ramon Alzorriz eta Jorge Agirre; Geroa Baitik, Maria Solana, Pablo Azkona eta Mikel Asiain; eta Zurekin Nafarroatik, Begoña Alfaro eta Carlos Guzman.
Azpimarra lankidetzan
Gainerako alderdietako kideek ere hartu zuten hitza. Alzorrizek jakinarazi zuenez, PSNk asmoa du EH Bildurekin joan den legegintzaldiko akordioetan «sakontzen» jarraitzeko: «Gure lehentasunek eta haienek bat egin dezakete». Bestalde, Geroa Baiko Azkonak azpimarratu zuen «indar aurrerakoiek» elkarlanean jarduteak duela garrantzia. Eta Zurekin Nafarroako Alfaro ere lankidetzaren alde agertu zen: «EH Bildu hirugarren indarra da, eta beharrezkoak dira; ez soilik inbestidurarako, baita datozen lau urteetan lankidetzan jarraitzeko ere».
Bestalde, atzo, EH Bilduko militantziak aukera izan zuen erabakiko ea Maria Txibiteren inbestiduran abstentzioaren alde egingo duen. Negoziazioak desblokeatuta, aukera horren alde egin du Nafarroako Mahai Politikoak, baina militanteek atzo erantzun zuten galdeketa. Emaitzak gaur jakinaraziko dituzte.
Nafarroako Gobernuaren osaketa
EH Bilduren ustez,«aurrera egiten jarraitzeko» balio dezake inbestidurak
Laura Aznalek ontzat jo du PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak sinatutako ituna. EH Bildurekin batu dira ituna sinatu duten hiru taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu