Koalizio subiranista jaio zenetik hamar urtera agerraldia egin dute EH Bilduren parte diren alderdi politikoetako ordezkariek. 2011ko maiatzaren 5ean baimendu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak orduan Bildu zena udal eta foru hauteskundeetara aurkeztea, eta Sortuko Haimar Altunak adierazi du «atzo izango balitz bezala» oroitzen dutela momentu hori: «Duela hamar urte Bilbon eta Iruñean bildu ginen gaur hemen gauden hiru alderdietako ordezkariak, Alternatiba, Eusko Alkartasuna eta Sortu, milaka euskal herritarrekin batera, Konstituzio Auzitegiaren ebazpenaren zain».
Hamar urte egin ditu «ezkerreko subiranisten elkarguneak», eta bide horretan «gorabeherak» izan dituztela onartu badute ere, adierazi dute egiaztatu egin dela «euskal gizartean proiektu honek sortu zuen ilusioa ez zela egun bateko lorea izan». Sortuko Haimar Altunaren, EAko Eba Blancoren eta Alternatibako Oskar Matuteren ustez, hain justu, «hamar urte geroago, herri honetako subiranistak eta ezkertiarrak batzen dituen proiektu politikoa inoiz baino biziago dago, eta etorkizun ilusionagarria marrazten du».
EH Bilduren proiektu politikoa «indartu» egin dela uste dute hirurek, «bai kanpora begira, bai egituretan eta barne antolaketan», eta oroitu dute ortzegunean lau urte beteko direla Iruñeko Baluarten egindako ekitaldi batean lau alderdiek koalizio izatetik «subjektu politiko» izatera igarotzeko urratsa egin zutela. Lau urte geroago, eta EH Bilduren kongresuaren barnean, «konpromisoa handitzeko» asmoa agertu dute: «EH Bildu ere gu garelako, sorrerako alderdiak. Eta lau urte geroago esan dezakegu ibilbide horren balantzea oso positiboa dela. Batez ere, itxaropentsua, ilusionagarria eta etengabeko erronka da, non aniztasunean batasunaren fruituak ikusten diren, EH Bilduren proiektua den etxe komun honen fruituak».
EH Bilduko kideen ustez, «politikoki gero eta eraginkorragoa eta erabakigarriagoa» da koalizioa «berdinen euskal errepublika eraikitzeko baldintza politiko eta sozial berriak lortzeko orduan». Bide horretan militanteek egindako lana eskertu dute: «Haiek dira ezkerreko subiranotasunaren etxe handi honen benetako enbaxadoreak». Aurrerantzean ere parte hartzeko deia egin diete militanteei, tartean, martxan den kongresuan: «Hemen gauden EH Bilduren sorrerako alderdi politikook ziur gaude kongresu hau inflexio puntua izango dela batzen gaituen proiektu politikorako».