Eusko Alkartasunak Urruñan (Lapurdi) ospatu zuen igandean Alkartasun Eguna, Mugarik gabeko alkartasuna leloarekin. Eba Blanco idazkari nagusiak EH Bilduren aldeko apustua babestu zuen, eta adierazi egungo testuinguru politikoa baliatu behar dela «lurralde ereduari buruzko eztabaidan sakontzeko».
Blancok ildo kritikoarekin duen barne gatazkari erreferentzia eginda ekin zion bere mintzaldiari: «Proiektu politiko honi norabide guztietatik saiatu dira erasotzen, zokoratzen; baina ez dute lortu». Alderdiak EH Bilduren eta EH Bairen alde egindako apustua babestu zuen, «irekitzen» ari den ziklo politiko berrirako tresna egokiak direlakoan. EH Baik azken urteetan izandako gorakada eta EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen posizioa jo zituen horren islatzat, eta gehitu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere «EAJren hegemonia» kolokan jartzen ari dela koalizio subiranista: «Hauteskunde emaitza hauek ezin dira gau bateko amets goxoa izan. Zailena dugu aurretik, lortutako botoak kontsolidatzea eta jende gehiago gure proiektura erakartzea».
EAJ bera izan zen Blancoren mintzaldiko protagonistetako bat. «Batzuk naziotasunean indarrak biltzen ari garen bitartean, zertan jolasten ari da EAJ? Espainia konbentzioekin seduzitzera», kritikatu zuen, Urkulluren «konbentzio konstituzionalerako» proposamenari erreferentzia eginda.
Hezkuntza eta hizkuntza
Eusko Legebiltzarrak esku artean dituen erronka nagusietako bat da Hezkuntza Legea aurrera ateratzea, eta, Blancoren esanetan, «herri akordio» batekin onartu behar da; «ahalik eta adostasun handiena» lortuta. Era berean, ordea, kritikatu egin zuen PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi izana sozialisten baiezkorik gabe ezin dela legea aurrera atera: «Larria da, Andueza jaunak bere buruari ematen diolako inork eman ez dion beto eskubidea». Era berean, Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin bat egin zuen.
EH Bilduren aldeko apustua berretsi dute Alkartasun egunean
EAk EH Bildu eta EH Bai babesteak emandako hauteskunde emaitzak goraipatu ditu Blancok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu