Bi hautagai zeuden Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa gidatzeko: Alejandro Toquero UPNkoa eta Tuterako alkatea, eta Xabier Alkuaz Tafallakoa. Azkenean, Alkuazek lortu du babes gehien: 755 boz. Toquerok 443 lortu ditu.
Xabier Alkuaz, EH Bilduko hautagaia, izango da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea. UPNko Alejandro Toquerori gailendu zaio: 755 boto Alkuazek eta 443 Toquerok. UPNko Maria Lekunberrik 40.
— Joxerra Senar (@joxerrasenar) October 6, 2023
Toquero eta Lekunberri izango dira bi presidenteordeak @berriapic.twitter.com/VxAIAEJfua
Nafarroako bi indar munizipalisten arteko lehia izan da, eta PSNk EH Bilduko hautagaiaren alde egin du. 17:00etan hasi da batzarra, 18:45 aldera jakin da emaitza. Berez bi bozketa egin behar ziren. Lehenengoan gehiengo osoa ez du lortu Alkuazek, baina aldea hain handia izanik, batzarrak onetsi du lehen emaitza onartzea. Toquero bera ados egon da erabaki horrekin.
Hala, federazioko presidente izendatu dute Xabier Alkuaz eta txalo artean hartu dute batzarreko ordezkariek. Lehen hitz batzuk zuzendu die udaletako ordezkariei, batik bat jasotako babesa eskertzeko. Alkuazez gain, federazioko presidenteorde hautatu dute Toquero eta bigarren presidenteorde Maria Lekunberri, UPNkoa.
Udalen ordezkaritzak ez du zerikusirik Nafarroako Parlamentukoarekin, eta, udal maparen konplexutasunaren ondorioz. 1.547 ordezkari zeuden deituta gaurko batzarrera. Azkenean, 1.338k bozkatu dute. Kontuan izanik, hautetsi kopururik handiena independenteena da, eta orotariko joera politikoak daude haien artean. Dena den, funtsean UPN eta haren ingurukoak ez diren hautetsien babesa jaso du Alkuazek.
Gaurko emaitzak badu garrantzia politikoa. Batetik, udalen erakunde gorena da federazioa, eta haren arduradunak ildo politiko bat marka dezake. Lehen aldia da ezker abertzaleak ordezkaritza hori duena —2015eko legealdian, Geroa Baiko egungo parlamentari Pablo Azkona izan zen NUFK-ko presidentea—. PSNk legealdian izango duen ildoaren pista bat eman dezake gaurkoak.
Ikusi gehiago:Ibarrola arrapaladan
Beste 22 kide
Presidenteak eta presidenteordeak hautatuta, zuzendaritzako gainerako 22 kideak hautatzeko beste bozketa bat egin da. Hasierako zentzu berean joan da eta Alkuazen alde egin dutenek gehiengoa ziurtatu dute bertan. EH Bilduk, kasu, gutxienez, beste bederatzi ordezkari izango ditu: hala nola, Angel Unzue Agoizko alkatea, Dabid Anaut Leitzakoa, Berta Arizkun Burlatakoa, Irurtzungo Unai Razkin, Basaburuako Santos Etxegia, Garesko Itziar Imaz, Etxarri Aranazko Silvia Sesma, Lesakako Ladis Satrustegi eta Atarrabiako Mikel Oteiza.
Gainera, PSNk hiru kide izango ditu gutxienez —Susana Castanera Alloko alkatea, Tirso Calvo Ribaforadakoa, Alejandro Lopez Orkoiengoa— eta Geroa Baik bat bederen: Zizur Nagusiko alkate Jon Gondan. Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak tokia izango du baita ere.
PSNk du giltza
PSNk izan du giltza. EH Bildu eta sozialistak azken unera arte aritu dira negoziatzen.PSNko Ramon Alzorrizek atzo onartu zuen UPNrekin ere aritu direla hitz egiten, eta atea irekita utzi zuen hortaz sorpresarako: «Horretan lanean ari gara». Alzorrizek onartu zuen sozialistek ez dutela ordezkaritza handirik udaletan, baina azpimarratu zuen «erabakigarriak» direla.
Azkenean, baina, EH Bilduren hautagaitzaren alde egin dute. Alzorrizek azaldu du ezinezkoa zela Toquerori botoa ematea: «Ez da posible egunero gu iraintzen eta Nafarroako Gobernuaren aurka ari diren alderdi eta pertsona batek gure botoa nahi izatea».
Hautatua izan aurretik, Alkuazek nabarmendu du «ahalik eta kontsentsu handiena» bilatuko duela bere jardunean.
Amaieran, Alkuazek goraipatu du «ezkerreko gehiengo aurrerakoiak indartu» egin direla.
Bestelako irakurketa egin du Toquerok: «EH Bilduren besoetan erori da. Beste behin marra gorria zeharkatu du eta nahiago izan du EH Bilduren alde egitea», kritikatu zuen.