ETAren proposamena bakerako «lehen mailako ekarpena» dela uste du ezker abertzaleak. Maribi Ugarteburu bozeramaileak nabarmendu du Espainiako eta Frantziako gobernuek elkarrizketari eutsiko baliete «gatazkaren ondorio guztien konponbide agertokiaren ataria» izango litzatekeela hori.
EAko idazkari nagusi Pello Urizarri ez zaio egokia iruditzen bi gobernuen jarrera: «Bake eta normalizazio prozesuarekin zerikusia duen guztia moteltzen ari dira». Hori aldatuko bada, euskal herritarrek eta nazioarteko komunitateak egindako «presioagatik» aldatuko dela gaineratu du.
ETAk Aieteko Agiriari jarraitzeko hartutako erabakiaren erakusgarri da proposamena, Aralarren irudiko. Alderdi horren ustez, horixe da jarraitu beharreko bidea. Hortaz, «inoiz baino premiazkoagotzat» jo du «herri ikuspegitik urratsak egitea, akordio zabalerako oinarriak adostuz».
Alternatibak ere ETAk Aiteko bideari jarraitzea goretsi du.
Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruaren iritzian, berriz, «diskrezioa» behar da. Hala ere, ETAk amaiera iragarri behar duela uste du, esan baitu bake eta elkarbizitzarako bidea ez dela egiten «bukaera iragartzen ez duten agiriekin». Diskrezioz aritu behar dela nabarmendu du.
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ETAk desegitea iragartzeak «mugituko» lukeela egoera.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen iritzian berriz, ETAren agiriak «zaharra» dirudi, eta PPko lehendakari Antonio Basagoitik egin bezala, armak uztea galdegin dio erakunde armatuari.
EH Bilduko alderdiek baikor hartu dute, eta EAJk diskrezioa eskatu du
PSE-EEk eta PPk besterik gabe desegiteko eskatu diote erakunde armatuari, beste behin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu