Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EHBildu

EH Bilduk zenbait neurri aurkeztu ditu inor etxetik kaleratu ez dezaten

Etxebizitza Institutu Publikoa sortzea proposatu du, inork ez dezan izan bizilekua galtzeko arriskua

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«EH Bildurekin inork ez du etxebizitza galduko», agindu dute Oskar Matutek eta Maribi Ugarteburuk. «Neurri zehatzak hartuko ditugu inor gehiago etxetik kaleratu ez dezaten».

Bilboko Kale Nagusian, Kutxabanken egoitzaren aurrean hartu dute konpromisoa Matutek eta Ugarteburuk. Bertan izan dira, halaber, koalizioak Justizia Sozialeko arduradun gisa aurkeztu duen Mikel Santiago, eta Dani Maeztu koalizioko kidea.

Banketxearen aurrean egindako ekitaldian, gogor salatu dute Kutxabankek eta «gainerako finantza erakundeek» etxe kaleratzeen inguruan duten jarrera. Salatu dute egunero 14 herritarri kentzen dietela etxea, eta horietako batzuk «Kutxabank bezalako erakunde batek» uzten dituela kalean. «Solbentzia handia duela goraipatzen du, baina, ulertezina den arren, herritarrak kalean uzten jarraitzen du», ohartarazi dute.

Matutek eta Ugarteburuk azaldu dute proposamen zehatzak dituztela egoera irauli eta herritarrek etxea gal ez dezaten, eta banketxeei eta instituzioei orain arteko utzikeria alboratu dezatela eskatu diete: «Ez dugu onartuko erakundeek arazo honen aurrean beste alde batera begiratzea».

Etxebizitza Institutu Publikoa

Kanporatzeak eragozteko, Etxebizitza Institutu Publikoa sortzea proposatu du, zehazki, EH Bilduk. Eusko Jaurlaritza eskuratzen badu horixe egingo duela hitzeman du. Institutu horren laguntzarekin, etxe kaleratze arriskuan dauden herritarren hipotekek luzapena eskuratuko lukete ordaintzeko.

Hipoteka ordaindu ezinean dagoen familia edo pertsonaren etxea entitate publiko berriaren jabetzara igaroko litzateke, baina, ordainketa egiteko gaitasunik ez lukeen bitartean, etxean jarraitzeko aukera izango luke, «alokairu soziala ordainduta». Alokairu horrek ez luke sekula jasotzen duen errentaren %15 gaindituko. «Ordain ahalmena berreskuratzean, berriro jarraituko luke hipoteka ordaintzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.