EH Bilduk Suhiltzaileen Legea babestuko du, EAJ eta PSErekin adostu ostean

Profesionalen «aldarrikapen nagusi batzuk» jaso dituela azaldu dute alderdiek. Legea azaroan da onartzekoa, 27 urteko arau bat gainditzeko

Lege proiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertzeko batzordea, atzo, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA.
xabier martin
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako suhiltzaileen jarduera lege berri batek arautuko du luze gabe, «dagokion funtzioen ikuspegi integralarekin». EH Bilduk akordioa egin du Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiekin, EAJ eta PSErekin, Suteen Prebentzioari eta Itzalketari eta Salbamenduko Zerbitzuei Buruzko Legea onartzeko. Hiru lurralde horietako suhiltzaileen lehenengo legea izango da; Eusko Legebiltzarrak azaroan onartuko du lege berria, «babes zabal batekin».

«Orain arte, suhiltzaileak eta suhiltzaile zerbitzuak larrialdien azpiatal gisa erregulatuak zeuden, eta, orain, berezko legea izango dute: lege garrantzitsua da», esplikatu zuen EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok, atzo. Legeak, suhiltzaileen lanaren «ikuspegi zaharkitua gainditu, eta dagozkien funtzioen ikuspegi integral bat» jasoko du, Oterok esan zuenez, suhiltzaileen jardunaren «eguneroko errealitatera» egokituta. «Zerbitzuen funtzioen katalogo zabal bat zehazten da legean, eta zaharkiturik gelditu den eskema gainditu; hau da, suhiltzailea jada ez da izango sua itzaltzeaz gain beste zenbait gauza egiten dituena; eskema hori atzean utzi, eta larrialdi mota guztietan funtzio askotarikoak dituen agente bilakatuko da, legea bere lanaren eguneroko errealitateari egokituta».

Lege proiektua azken fasean da, eta, atzo, Segurtasun Sailaren proiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertzeko ponentzia egin zuten. Bilera horretan, «gehiengo handi batek» erabaki zuen arauak sektoreko profesionalen «aldarrikapen nagusietako batzuk» jasotzea, EAJk azaldu zuenez. «Akordiorako borondatea egon da, eta alde guztiek egin ditugu lagapenak legerik onena ahalbidetuko duen ituna lortzeko», ziurtatu zuen Estibaliz Larrauri EAJko legebiltzarkideak. Txarli Prieto PSE-EEko kideak ere antzera hitz egin zuen.

Emakumezko suhiltzaileak

Lege berriaren helburuetako bat da «berdintasunaren arloan aurrera egitea» lanpostuak betetzean eta barne sustapenean, EAJk azaldu zuenez. Gaur egun emakume suhiltzaileek ordezkaritza txikia dute lantaldeetan. Arau berriaren arabera, erakundeek sustapen plan espezifikoak jarri beharko dituzte abian, emakumeek lantaldeetan duten presentzia bermatzeko.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 26 suhiltzaile zentroetako langileei eragingo die lege berriak. Foru erakunde eta udalen ardura diren edukiak, zerbitzuak eta langileak arautuko ditu, eta duela 27 urteko arautegia ordezkatu. Besteak beste, ezarriko du LEP lan eskaintza publikoetan tokien %25 eta %40 artean emakumeei gordetzea. Foru administrazioek eta tokikoek arautuko dute zenbateko zehatza, LEP bakoitzean. Halaber, ama izan ostean bigarren jardueretan egoteko eskubidea bermatuko die emakumeei. Amatasun baimenetik itzultzen direnean, emakumeak suhiltzaileen ohiko lanaz aparte dauden zereginetan (komunikazioa, mantenua...) aritu ahal izango dira bi urtez.

Bestalde, Oterok azaldu zuen kategoria bakoitzaren funtzioak «modu koherentean» definituko direla: «Aginte eskalak argitzen dira, eta zerbitzu guztietan hiru aginte maila operatibo izango direla bermatu». Horrez gain, «polemika iturria izan den neurrian, lege proiektuak Arkautiko Akademiari oposizioak diseinatzeko ematen zion aukera desagertuko da», iragarri zuen koalizioko legebiltzarkideak. Erantsi zuen itunak suhiltzaileen «ordezkaritza sindikal eta profesionalaren oniritzia» ere baduela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.