EH Bilduk mitin politikoa eskaini du gaur eguerdian Guardian (Araba); Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako Arabako zerrendaburua izan da bertan, Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak lagunduta. 1978ko Iruñeko Sanferminetan Poliziak German Rodriguez hil zuenetik 45 urte bete dira gaur, eta Ruiz de Pinedok «memoria demokratikoa» aldarrikatzeko eta biktima guztientzat «egia, justizia eta erreparazioa» eskatzeko baliatu du ekitaldia.
German Rodriguezen kasuan, zein Mikel Zabalzaren heriotzaren edota Gasteizko martxoaren 3ko gertakarien inguruan dagoen «sekretismoa eta zigorgabetasuna» amaitzeko exijitu du. Hala, Memoria Demokratikoaren Legea zabaltzeko eta hobetzeko lan egingo duela hitzeman du, bai eta Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko ere: «Lege horrek eragotzi egiten die biktimei, justiziari eta herritarrei gure historia hurbileko gertakari latzenetako batzuei buruzko egia ezagutzea». Ruiz de Pinedok biktima guztientzako «memoria integrala» aldarrikatu du eskuinak eraman nahi duen «amnesia historikoari» aurre egiteko.
Bestalde, Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduren Arabako batzarkideak azpimarratu du EH Bilduk herritarren bizitza «hobetzeko» lan egiten duela, eta aurrerantzean ere horixe izango dela koalizioaren «marra gorria» akordioak bilatzeko orduan.
Espainiako hauteskundeak
EH Bilduk Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko konpromisoa hartu du
Iñaki Ruiz de Pinedok biktima guztientzako «memoria integrala» aldarrikatu du, Guardian. «Herritarren bizitza hobetzeko» akordioak defendatu ditu Eva Lopez de Arroiabek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu