Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko zinegotzi ohiaren dimisioak soka luzea dakar. Atzo, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak azalpenak eskatu zizkion EH Bilduri. Urtaranen arabera, nortasun agiria galdu eta bere izenean kontu korronte bat ireki zela jakin zuen pertsona, salaketa jarri eta gero, auziaren atzean Larrion zegoela jakin zuenean, salaketa kentzen saiatu zen. Noticias taldearen arabera, Ertzaintzak erabaki zuen ikerketarekin aurrera egitea «bazituelako nahikoa elementu ofizioz ikerketarekin segitzeko». EH Bilduk auzi honetan azpimarratu badu ere kontu pertsonal bat zela, Urtaranen iritziz kontu pertsonal batetik harago doa auzia, eta horregatik eskatu dizkio azalpenak EH Bilduri.
Hori ikusita, Arabako EH Bilduk ohar bidez azaldu du Larrionen jokabidearen berri izan dutenean «azkar, erantzukizunez, koherentziaz eta proportzioz» hartu dituztela neurriak. «Eremu pertsonaleko eta kargu publikotik eratorritako lanekin zuzeneko loturarik ez duten gertakari batzuen aurrean gaude», azaldu duenez. Hortik aurrera, gogoratu du ikerketa sekretupean dagoela eta EH Bilduk ez duela arlo horretan besterik gehituko. Baina hari horretatik tiraka interpelatu du Segurtasun Saila: «Segurtasun Sailak berak eman beharko lituzke azalpenak, eta neurriak hartu; izan ere, asteartean jakinarazi zuenetik ikerketa sekretua dela eta ez zuela horri buruzko xehetasunik emango, Lakuako Ertzaintzaren komisariak bakarrik duen informazioari buruzko filtrazioak etengabekoak izan dira», oharraren arabera.
EH Bilduk salatu du EAJk etekin politikoa atera nahi duela «historia triste honen biktima baino ez den pertsonaren gainetik». Koalizioaren ustez, «Segurtasun Saila, Ertzaintza, haren gertuko komunikabideak, Irrati Telebista Publikoa eta Gasteizko alkatearen irudia erabiltzea, alderdi horretako buruzagien katadura moralaren neurria eman baino ez du egiten, baita erakunde publikoen erabilera zikina eta alderdikoia ere».
Miren Larrionek asteartean jakinarazi zion EH Bilduri dimisioa emango zuela, eta EH Bilduk onartu egin zuen. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean onartu zuen banku batean kontu bat zabaldu zuela kide baten txartel bat erabilita. «Hutsegite bat» egin duela aitortu zuen, eta adierazi bizi izandako bolada zail batek bultzatu zuela «hutsegite» hori egitera. «Une pertsonal zail batean, hasieratik okerra zen irtenbide bat bilatu dut: kontu korronte bat ireki dut kide baten txartelarekin, estualdi bat izanez gero dirua sartzeko», azaldu zuenen Larrionek.
Gasteizko EH Bilduk jakinarazi du nork ordezkatuko duen Larrion bozeramaile gisa Gasteizko Udalean. Felix Gonzalez izango da. EHUn lizentziatua da Ekonomia eta Zientzia enpresetan. Administrazio publikoan aritu zen lanean. 2015etik zinegotzi gisa jardun du Gasteizen. Bestetik, Xabi Ruiz de Larramendi gehituko da EH Bilduk Gasteizen duen udal taldera. Sei zinegotzi ditu egun. Ruiz de Larramendi energia berriztagarrien ingeniaria da.