Espainiako inbestidura

EH Bilduk Sanchezen inbestiduran abstenitzea proposatuko die oinarriei

Kontsulta egingo die militanteei, eta loteslea izango da. Inbestidura saioa noiz den jakitean egingo dute galdeketa.

EH Bilduko eta PSOEko ordezkarien bilera Madrilen, abenduaren 17an. J. DANAE / EFE
Edurne Begiristain.
2019ko abenduaren 30a
14:55
Entzun

EH Bilduren Mahai Politikoak Pedro Sanchezen inbestiduran abstenitzea erabaki du, eta oinarrien esku utziko du azken erabakia hartzea. Koalizio subiranistak galdeketa prozesu bat egingo du militanteen artean, haiek erabaki dezaten EH Bilduko bost diputatuek inbestidura saioan abstenitu behar duten ala ez. Kontsultaren emaitza bete beharrekoa izango da, eta «laster» egingo dute, inbestidura eguna jakinarazi bezain laster, EH Bilduko iturriek BERRIAri adierazi diotenez. «Gure oinarrien esku geldituko da abstentziorako proposamena onartu ala ez. Behin inbestiduraren eguna ezartzen denean, galdeketa prozesu bat irekiko dugu oinarrien artean, haiek erabaki dezaten zer jarrera hartu».

EH Bilduk azaroan aurreratu zuen koalizioko militanteek izango zutela inbestidurari buruzko azken hitza, eta haiek erabakiko zutela aurrez Mahai Politikoak egindako proposamena onartu ala ez. Hala, joan den abenduaren 23an EH Bilduko Mahai Politikoak erabaki zuen PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu bat ahalbidetzea, eta koalizioaren bost diputatuek abstentziora jotzea horretarako.

EH Bilduk azaldu duenez, Espainian koalizio gobernua ahalbidetuta, hauteskunde kanpainan emandako hitza beteko du koalizioak, «eskuin muturra» Espainiako Gobernuan sartzea galaraziko duelako. Hala, «1978ko erregimen monarkikotik datozen egitura arazo larriak konpontzeko aukera leiho bat» irekiko dela iritzi dio EH Bilduk. Koalizioaren ustez, gainera, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu bat eratzea da «estatuak demokratizatzeko benetako baldintzak daudela frogatzeko duen azken aukera». Demokratizazio horrek «agenda ausarta» behar duela iritzi dio EH Bilduk, baita arazo politikoak «elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez konpontzeko borondate argia ere».

Hain justu ere, EH Bilduren ustez, «agenda demokratiko batean» jasota egon beharko lirateke joan den abenduaren 17an PSOErekin Madrilen egindako bileran koalizio subiranistak mahai gainean jarritako hiru gaiak: bakea eta elkarbizitza; murrizketa sozialak eta askatasun demokratikoak; eta plurinazionaltasuna eta lurralde krisia. Bilera hartan, EH Bilduk beharrezkotzat jo zuen espetxe politika «berrikustea»: esan zuen «indarrean dagoen legedia» bete egin behar dela, gaur egungo «salbuespenezko izaera kenduta». Murrizketa sozialak eta askatasun demokratikoen aurkako «erasoak» amaitzea ere galdegin zion PSOEri. Eta Espainiako Estatuko lurralde ereduaren inguruko eztabaida egitea ezinbestekoa dela ere adierazi zuen EH Bilduk. Hala, gai horien inguruko elkarrizketa «zintzoa eta eraikitzailea» abiatzeko eskatu dio EH Bilduk PSOEri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.