USTELKERIA

EH Bilduk salatu du Iruñeko Udalak legez kanpo izendatu duela kargudun bat

Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi du postu hori sortzea bera legez kanpokoa zela, eta, beraz, baita horretarako norbait izendatzea ere. EH Bilduk eskatu du Navarra Sumak ordain dezala lanpostu horrek hamar hilabetean eragin duen 40.000 euroko kostua.

Joxe Abaurrea eta Joseba Asiron Iruñeko EH Bilduko zinegotziak, gaur, Iruñeko udaletxean egindako agerraldian. EH BILDU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 16a
11:52
Entzun

Iruñeko Udaleko Coworkids zerbitzuko arduraduna legez kanpo kontratatu zutela salatu du gaur Iruñeko EH Bilduk. Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio koalizio independentistak jarritako helegiteari, eta ebatzi du lanpostu hori sortzea eta horretarako pertsona bat izendatzea ilegalak izan zirela.

Joseba Asiron eta Joxe Abaurrea Iruñeko EH Bilduko zinegotziek eman dituzte Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren xehetasunak gaur Iruñeko udaletxean egindako agerraldi batean. Irailaren 10ekoa da auzitegiaren erabakia, eta, Abaurreak zehaztu duenez, ebazpenak dio 2020ko azaroaren 16an postu hori ez zela existitzen: «Ondorioz, postu hori ez bazegoen, ezin zela hori bete, eta planteamendu guztia ilegala zela. Horrekin nahikoa izanik, ez da gure argudioetan sartzen».

Asironek ohartarazi du auzitegiaren ebazpena bete dezala exijituko diotela Navarra Sumari, kontratua bertan behera utzita: «Ez dute amarruek balio». Era berean, lanpostu horretarako izendapen zuzenik ez erabiltzeko eskatu dute, eta legez kanpo izendaturiko langile horrek hamar hilabetez eragin duen 40.000 euro inguruko kostua ordaintzeko Navarra Sumari galdeginen diote: «Ezin dute herritarrek ordaindu nahierara izendaturiko kargu bat». Asironek uste du «oso larria» dela gertaturikoa, baina ez salbuespena: «Eskuinaren kudeaketa eredua erakusten du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.