Arabako Batzar Nagusietako batzordeetako presidentetzen banaketatik at geratu dela salatu du gaur EH Bilduk. Koalizioak ohar bidez kritikatu duenez, EAJk, PSE-EEk eta PPk «ituna» egin dute EH Bildu banaketa horretatik kanpo uzteko. EH Bildu bigarren indarra da Batzar Nagusietan, eta, berez, hiru batzorderen presidentetza dagokio, baina bi baino ez ditu izango. Eva Lopez de Arroiabek azaldu duenez, batzordeetako presidentetzak banatzeko proposamenaz hitz egiteko asmoz koalizioa jeltzaleekin harremanetan jarri zenerako, «dena banatuta» zegoen. Are, Lopez de Arroiabek salatu du jeltzaleek hiru presidentetza eskaini zizkiotela EH Bilduri, baina batzorde «txikietakoak», eta aldez aurretik PSE-EErekin eta PPrekin batzorde nagusienak banatuak zituztela.p>
Hamabi batzorderen presidentetzak osatu dituzte gaur, eta horietatik bi baino ez dira geratu EH Bilduren esku: Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioa, eta Garapen Ekonomikoa eta Berrikuntza. EAJk beste sei batzorde zuzenduko ditu, eta PSE-EEk eta PPk bina.
EH Bilduko bozeramaileak oposizioko lehen indarra «gutxiestea» leporatu dio EAJri: «EAJk ez du ulertu nahi gauzak aldatzen ari direla, eta ezin du Arabako Parlamentuko bigarren indarra alde batera utzi, lehenengotik mila boto eskasera geratu baita». Haren ustez, EAJren eta PSE-EEren «alde bakarreko» jarduera horrek «aurrekari txarra» ezartzen du legegintzaldiari begira, eta ez dator bat Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak akordiorako eta negoziaziorako egindako deiekin.
EAJk, aldiz, ezeztatu egin du Lopez de Arroiabek esandakoa. Joseba Diez bozeramaileak EH Bilduri erantzun dio talde guztiekin negoziatu dela Arabako Batzar Nagusietako batzordeen banaketa «bidezkoa» bermatzeko, eta ukatu egin du EAJren, PSEren eta PPren arteko akordioa egon dela. EH Bilduren «taktizismoari» egin dio kritika: «Bitxia da EH Bilduk ulertzea EAJren, PSEren eta PPren artean akordio bat egon dela baina haiek bezala bi batzorderen presidentetza izatea. Gainera, hiru izan zitzakeen Bateraezintasunen Batzorderako hautagaitza aurkeztu izan balu, baina horri uko egin dio estrategia politiko hutsagatik».
Elkarrekin Araba, kritiko
Elkarrekin Arabak, berriz, batzordeen banaketa kritikatu du, David Rodriguez bozeramailearen ahotan. EAJ, PSE-EE eta PPren arteko akordioa arbuiatu du: «Beste behin ere, EAJk eta PSE-EEk eskuinera begiratzen dute, justizia sozialari, berdintasunari eta ingurumenari bizkar emanez». Salatu du munta handiko batzordeen presidentetza hiru alderdi horien esku geratuko dela. Besteak beste, Ogasuna, Berdintasuna eta Lehendakaritza batzordeen presidentetza EAJren eta PSEren artean banatu dituzte, eta Rodriguezek uste du horrek gobernuarekiko kontrola murrizteko modua emango diela gobernuko bi alderdiei. PP Ingurumen Batzordearen eta Lurralde Orekako Batzordearen buru izango dela salatu du, era berean.
Rodriguezek EAJri eta PSEri ohartarazi die hartutako norabidea ez dela zuzena, eta Elkarrekin Arabak ez duela banaketa hori babestuko.