EH Bilduk salaketa jarriko du Belokik jasandako lesioengatik

Maider Beloki EH Bilduko zinegotzia, larunbatean, Iruñeako Udalean, istiluen unean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Iruñeko txupinazoan udaltzainek Maider Beloki EH Bilduko zinegotziari egindako lesioak auzitara eramango ditu koalizioak. Udaletxeko balkoian ikurrina zabaltzen ahalegindu zen Beloki, Itziar Gomez Geroa Baiko udal ordezkariarekin batera, eta udaltzainek indarrez eragotzi zieten. Ikurrinak kendu zizkieten eskuetatik, tiraka. Ikurrinari tira egitean, Belokiren ileetatik ere tira egin zuen udal poliziak. Beloki ospitalera joan zen, minduta; erradiografiak egin zizkioten,eta medikuen partea jaso zuen: zerbikaletako muskuluen kontraktura larria dauka, eta gaixo agiria eman diote. Amaia Izkok eta Joxe Abaurreak besoetan ubeldurak dituztela jakinarazi du EH Bilduk.

Ospitaleak igorri zuen epaitegira Belokiren partea, eraso fisikoengatik artatzera joaten diren pazienteekin duen protokoloagatik. Orain, epaitegiak Belokiri deitu behar dio salaketak aurrera egitea nahi ote duen baieztatzeko. EH Bilduk esan du aurrera jarraituko dutela prozeduran.

Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiaren esanetan, Beloki «askoz ere okerrago» zegoen atzo, larunbatean baino. Dioenez, udaltzaingoak «muturreko indarkeria» erabili zuen, «Enrique Maia alkatearen aginduz, hiri honetako zinegotzi hautetsi baten kontra». Gertaera «kontaezina» izan zela gaineratu du. «Irudiak aski argigarriak dira lesioa non izan den ikusteko, nolakoa izan zen erasoa eta, finean, Maia jaunak nola bidali zituen zerbitzari publikoak zinegotzien kontra indarra erabiltzera».

Asironek gogorarazi du ikurrina «legezkoa eta zilegia» dela, eta Iruñeko «sektore oso zabalak» sentitzen duela bere. Maiari mintzatuz, adierazi du «bandera horrek sumintzen zaituela esatea faxismora asko hurbiltzen» dela. Itziar Gomez Geroa Baiko hautetsiak ere kritikatu du alkatearen jokabidea: «Ikurrina jartzea keinu bat da beste sentsibilitate bat ordezkatzeko». Gomezen iritziz, ez da onargarria alkateak keinu hori indarrez eragozteko agintzea.

Maiak, beste salaketa bat

Maiak, berriz, «Nafarroarenak ez diren sinboloak» inposatzea egotzi die indar abertzaleei. Alkateak udaltzainen portaera defendatu du, eta esan du «legedia» babestu dutela. Gainera, ziurtatu du Navarra Sumako zinegotzi batek ere lesioak izan zituela. Adierazi du EH Bilduko zinegotziek ostikoak eman zizkiotela hautetsi horri, eta mediku agiri bat duela. Udaltzain bati hozka egin izana ere egotzi die. Horregatik, eskuineko koalizioa auzitara jotzea aztertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.