EH Bilduko Mahai Politikoak proposatu du Arnaldo Otegik jarraitzea kargu nagusian; hots, koordinatzaile nagusiaren lanetan. Mahai Politikoak gaur eman du federazio subiranistaren zuzendaritzarako proposatu dituen izen-abizenen berri, aho batez onartu ondoren. Hau da proposatutako zerrenda:
Koordinatzaile nagusia: Arnaldo Otegi
Zuzendari nagusia: Garikoitz Mujika
Programa zuzendaria: Pello Otxandiano
Komunikazio zuzendaria: Larraitz Ugarte
Antolakuntza zuzendaria: Sonia Jacinto
Nazioarteko harremanetarako zuzendaria: Gorka Elejabarrieta
Politika instituzionala: Ainhoa Beola
Udal politikako zuzendaria: Onintze Oleaga
Ez dago aldaketarik ardura nagusietan: beren zereginetan jarraituko dute Otegik, Mujikak, Ugartek, Oleagak eta Elejabarrietak. Beola programa zuzendari izan da orain arte, baina politika instituzionalean hasiko da, eta Jacinto, orain arte zuzendari nagusiaren albokoa izan dena, antolakuntza zuzendari izango da. Zuzendaritzan sartuko da, berriz, Otxandiano.
Bigarren kongresua egiten ari da EH Bildu, eta testuinguru horretan dagokio zuzendaritza berritzea. Bi txosten izan dituzte eztabaidagai: politikoa eta antolakuntzarena. Egunotan, bilkideak bi txostenei aurkeztutako zuzenketak eztabaidatzen ari dira, eta datorren ostegunetik larunbatera bitartean (22-24) izango dute zuzenketak bozkatzeko epea.
Proklamazioa, maiatzaren 8an
Apirilaren 26tik 29ra, bilkideek zuzendaritza plantxa propioak aurkezteko aukera izango dute, eta maiatzaren 6tik 8ra egingo dira bozketak. Horrela, hilaren 8an proklamatuko dute zuzendaritza berria, eta 9an egingo dute bigarren kongresuaren itxiera ekitaldia, Barakaldoko BECen, osasun baldintzek ahalbidetzen badute.
Ainhoa Beolak eta Unai Urruzunok eman dute Mahai Politikoaren proposamenaren berri, eta hura osatzen duen taldearen balioa goretsi du Urruzunok: «Zabaltzen zaigun fase politiko berri honi eta ekarriko dituen erronkei begira, talde honek erabateko bermea eskaintzen du ahalik eta modu egokienean aurre egiteko».
Kongresu prozesuaren balorazio «oso positiboa» egiten ari da Mahai Politikoa: «Telematikoki egin behar izan dugu prozesu guztia, eta parte hartzea eta eztabaida mugatzen dute, baina datu esanguratsu batzuk daude: 358 herrietako batzarrak egin dira prozesu honetan». Foro eta jardunaldi batzuk ere egin dituzte ponentzietako edukiak garatzeko, eta, guztira, 8.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. «Eskertzekoa da inplikazioa», erantsi du Urruzunok.