AURREKONTUAK

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko die Jaurlaritzaren aurrekontuei

Maddalen Iriarte bozeramaileak salatu du EAJk «uko» egin diola EH Bildurekin hitz egiteari, eta gizarteari bizkarra eman diola, hala: «EAJk euskal gizarteari egiten dio kalte, bere beharrei, eta egoera ezohiko honetako ezohiko beharrei».

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea, Eusko Legebiltzarrean, joan den irailean. RAUL BOGAJO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 18a
12:47
Entzun

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak agerraldia egin du eguerdian Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei osoko zuzenketa jarriko dietela jakinarazteko. Iriartek azaldu du «datozen orduetan egikarituko» dutela osoko zuzenketa, eta prentsaurrekoa baliatu du EAJk aurrekontuekiko negoziazioan izan duen jarrera kritikatzeko. Hain zuzen, Iriarteren ustez EAJk «hasieratik» egin zion «uko» EH Bildurekin hitz egiteari: «Zinikoa da auzolanaz eta elkarlanaz mintzatzea baina hitz egiteari uko egitea».

EH Bilduren ustez, EAJk ez du akordiorik «nahi» EH Bildurekin, EH Bildu «gobernu alternatiba bakarra» delako, eta EAJk «beldurra» diolako «alternatiba» hori indartzeari. EH Bilduren iritziz, ordea, Jaurlaritzak «erabat galdu du perspektiba» aurrekontuen negoziazioekin, «aurrekontua herritarren beharrei erantzuteko tresna bat delako, eta ez delako EAJk EH Bildu higatzeko duen beharrari erantzuteko tresna bat». EH Bilduk uste du EAJ bizkarra ematen ari zaiela herritarrei: «EAJk ez dio kalte egiten EH Bilduri. Euskal gizarteari egiten dio kalte, bere beharrei, eta egoera ezohiko honetako ezohiko beharrei». Zentzu horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrekin «zorretan» dago EAJ, EH Bilduren ustez, eta azalpen bat «zor» dio gizarteari: «Azaldu beharko die zergatik ez duten beharrezkotzat jotzen osasun publikoa, krisiak jo dituen sektoreak eta adinekoen egoitzetan lan eta bizi baldintza duinak indartzea».

Iriartek oroitu du Azpiazuk berak erran zuela beharrezkoa izanez gero posible litzatekeela gastu muga handitzea. Eta, EH Bilduren iritziz, pandemia eta krisi egoeran gastua ez handitzea «luxu» bat da. Iriarteren hitzetan, osasun sistema, adinekoen egoitzak eta «krisiaren eraginak pairatzen ari diren sektoreak» indartzeko erabili beharko litzateke gastu publiko gehigarria. Zerga erreformari ere hel diezaiola eskatu dio Iriartek EAJri, nabarmendu baitu ez dela egiten ari: «EAJrentzat inoiz ez da momentua aberatsenei zergak igotzeko». Europako funtsei buruz ere elkarrekin aritzeko deia egin dio Jaurlaritzari: «Herri gisa jokatu behar dugu, EAJren alderdikeria alde batera utzita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.