ETXEBIZITZA

EH Bilduk «oso kezkagarritzat» jo du Jaurlaritzak Etxe Eskubidearen Legeari jarritako helegitea

Unai Urruzunok nabarmendu duenez, legeak Euskal Herriko udalei eta instituzioei «tresna juridikoak» ematen dizkie alokairu prezioei muga jartzeko edota etxebizitza publikoaren promozioa tentsio handiko eremuen bidez lortzeko.

Unai Urruzuno. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2023ko uztailaren 27a
12:20
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Espainiako etxebizitza legeari helegitea jarri eta biharamunean, EH Bilduk «oso kezkagarritzat» jo du gobernuaren erabakia. Unai Urruzuno bozeramailearen hitzetan, legeak Euskal Herriko udalei eta instituzioei «tresna juridikoak» ematen dizkie alokairu prezioei muga jartzeko edota etxebizitza publikoaren promozioa tentsio handiko eremuen bidez lortzeko, eta erantsi du: «Badirudi Urkulluren gobernuak horri bizkarra emango diola, entzungor egingo diola, eta lege honen onurak bertan behera uztea bilatzen duela».

Urruzunoren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «milaka» dira etxebizitza bat eskuratzeko «izugarrizko zailtasunak» dituzten herritarrak, eta Jaurlaritzari dei egin dio «behingoz» has dadila Etxebizitza Legeak ematen dizkion «tresnak herritarren zerbitzura» jartzen: «Ez gaude eztabaida juridiko baten aurrean, erabat ideologikoa den eztabaida baten aurrean baizik, burujabetzaz eta subiranotasunaz gutxi duena».

Izan ere, «aitzakiatzat» jo du legeari buruzko eztabaida eskumen gatazka gisa aurkeztea: «2015ean legebiltzarrean etxebizitza legea onartu zenetik ezer egin ez denean eta aitzakia eskuduntza falta izan denean, teorikoki orain tresna juridikoak ezarri direnean Jaurlaritzak eskuduntza inbasioaz hitz egiten digu, aitzakia baino ez dirudien maniobra batean».

Gainera, Urruzunok gogorarazi du PPk ontzat jo duela Jaurlaritzaren helegitea, eta galdetu du: «Orain PP alderdi subiranista bihurtu da?». Ezezkoan da Urruzuno: «Noren interesak babesten ditu? Euskal herritarren gehiengoak etxebizitzaren merkatua erregulatzea eskatzen duenean Urkulluk bizkar egingo die, jabe handien interesei men eginez».

Jaurlaritzak PSE-EEko sailburuen babesik gabe aurkeztu du helegitea, eta, gaiaz galdetuta, Urruzunok uste du zatiketa horrek adierazten duela «nolako aliantzak egiten diren; etxebizitzaren kontuan desadostasunak baditu, ikusiko dugu
zer-nolako aukerak dituen halako gobernu batek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.