Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa argitzeko eskaera Espainiako Kongresura eraman du EH Bilduk. Zehazki, ikerketa batzorde bat eratzeko eskatu du, «polizia armatuak bost langileen hilketan izan zuen esku hartze eta erantzukizuna ikertzeko». Poliziaren jokabidea bere horretan ikertzetik harago, helburu gehiago ere ezarri dizkiote balizko batzorde horri, gertakarien erantzukizun politikoa ezagutze aldera: «Espainiako Gobernuaren ezagutza, inplikazio eta erantzukizun maila argitzea, zuzenean inplikatutako ministroen (Rodolfo Martin Villa, Manuel Fraga Iribarne eta Alfonso Osorio) balizko inplikazio penala ezagutzea».
Modu horretan, Martxoak 3 elkarteak egindako «aldarrikapen etengabeei» erantzun asmo diela azaldu du koalizioak, eta, halaber, «biktimen eta euren senideen aitortzan, erreparazioan eta egiaren bilaketan aurrera egiteko baliabideak eskaini» nahi dituela. Izan ere, joan den astean oroitu zituzten Espainiako Poliziak hildako Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo, Romualdo Barroso eta Bienvenido Perea langileak, sarraskiaren 46. urteurrenean. Egun horretan biktimek «gertatutakoa argitzeko eta justizia egiteko beharrezko mekanismoak martxan jartzeko» eskaera berritu zutela adierazi du Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko Arabako diputatuak, eta nabarmendu du orain arte ez dela abian jarri mekanismo eraginkorrik erantzukizunak argitzeko.
EH Bilduk oroitarazi du oraintxe zabalik dagoen auzibide bakarra Maria Servini Argentinako epaileak frankismoaren krimenen aurka irekitakoa dela, baina Espainiako Gobernuak eta Espainiako Justiziak uko egin diotela behin eta berriz «kereila horri laguntzeari», eta sarraskiarekin zerikusia duten agiri guztiak sekretupean gorde dituztela.
Hain justu, auzibide horren barruan, Servinik berak iazko urrian Martin Villa Espainiako Barne ministro ohia auzipetu zuen, Martxoaren 3ko sarraskiarekin eta 1978ko sanferminekin lotuta —German Rodriguez hil zuten Iruñean urte hartan—. Abenduaren 23an, baina, ministro ohiaren aurkako auzibide eteten zuen Argentinako Ganbera Kriminal Federalak, Villak berak jarritako helegitea tramitera onartuta. Hala ere, Martxoak 3 eta Sanferminak 78 memoria elkarteek nabarmendu zuten auzibidea ez zela bertan behera gelditu, eta Martin Villak aurkeztutako helegiteari beste bat jarriko ziotela iragarri.
Ministro ohiak, urtarrilean egindako gosari informatibo batean, aitortu zuen Martxoaren 3ko eta 1978ko sanferminetako hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela, nahiz eta erantsi zuen gobernuak ez zuela «plan sistematiko, orokortu eta antolatu bat gobernu demokratiko baten aldeko espainiarrak izutzeko pertsona esanguratsu jakin batzuk hilda».
Joan den astean, Martxoaren 3aren urteurrenean, Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuen, besteak beste, Espainiako Gobernuari eskatzen diona beharrezko neurriak har ditzala Martin Villaren «erantzukizun politiko eta penala ikertzeko eta argitzeko», eta lagun diezaiola Argentinako Justiziara afera argitzen.