ALDERDIAK

EH Bilduk lehen Konferentzia Munizipalista egingo du hilaren 27an eta 28an

Iruñean elkartuko dira, eta ehunka alkate eta zinegotzi batu nahi ditu. Nazioarteko ordezkariak ere joango dira.

Nagore Alkorta, Onintze Oleaga eta Idoia Buruaga. EH BILDU
jon olano
2022ko maiatzaren 19a
13:50
Entzun

EH Bilduk bere lehen Konferentzia Munizipalista egingo du bihar eta etzi zortzi, hilak 27 eta 28, Iruñean. Indar subiranistako alkate eta zinegotzien lehen bilera izango da, eta ehunka ordezkari eta tokiko kargu publiko elkartu nahi ditu. «Erlojuak sinkronizatu eta programak eta ideiak partekatuko ditugu, bertan bizi eta lan egiten dutenentzat herri eta hiri hobeak eraikitzeko lanean jarraitzeko helburuarekin. Elkarri entzungo diogu, elkarrengandik ikasiko dugu. Hobetzen ikasiko dugu, gure komunitateak hobetzeko», azaldu du EH Bilduk ohar batean.

Jakinarazi dutenez, nazioarteko ordezkaritza batek ere hartuko du parte: Eoin O Broin Sinn Feineko parlamentaria (Irlanda), Ruairi Kelly Glasgowko Udaleko zinegotzia (SNP, Eskozia), Jabiera Manzi Txileko mugimendu eratzailearen ordezkaria, Jesper Kiel Kopenhageko aliantza gorri-berdeko udal politikako arduraduna, David Payot Lausanako alkateordea (Suitza), Sandra Castro Lleidako alkateordea (ERC, Katalunia), Francisco Garcia Allarizko alkate ohia (BNG, Galizia) eta Selmi Holopainen Turkuko Udaleko zinegotzia (Finlandia) ere bertan izango dira.

Jardunaldia ostiralean hasiko da, Baluarten, Iruñeko zinegotzi Joseba Asironek, Errenteriako (Gipuzkoa) alkate Aizpea Otaegik eta Sinn Feineko parlamentari Eoin O Broinek egingo duten solasaldiarekin.

Larunbatean, jardunaldi bat egingo dute Iruñeko Refenan. Bertan, hainbat gai landuko dira, ikuspegi munizipalistatik: gobernantza eredu herrigilea, trantsizio energetikoa, gobernantza feministaren eredua eta etxebizitza. «Gai horiek dira, besteak beste, gure herriak, eta munduak oro har, aurrean dituen erronka kolosaletako batzuk», azaldu du EH Bilduk: «Garai nahasiak bizi ditugu, aldaketa handiak eta ziurgabetasun izugarriak bizi ditugu, eta udalgintzak funtsezko rola izan dezake. Tokikotik, hurbiletik, aurre egin beharreko erronka globalei ere erantzun ahal izango zaie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.