EH Bilduk legea aldatzea nahi du, alokairu soziala sustatzeko

Gaur eramango du lege proposamena Eusko Legebiltzarrera, baina ez du aurrera egingo

Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkidea azalpenak ematen, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak atzo aurkeztu zuen alokairu soziala bultzatzea helburu duen lege proposamena. Koalizioak gaur eramango du Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara. Ekinaldiak ez du aurrera egingo, Jaurlaritzak aurkako iritzia emanda duelako. Egitasmoaren bidez, 2006ko Lurzoruaren Legea aldatzea proposatu du koalizioak, xede jakin batekin: hiriko planifikazioan legez jasoa egon dadin babes publikoko etxebizitza guztien %50 alokairurako izateko betebeharra, baita sustapen pribatuetan ere.

«Etxebizitza larrialdi batean gaude», ohartarazi du Fernandez de Betoñok. Azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alokairu sozialeko eskaintza «oso murritza» da: gisa horretako 25.000 etxebizitza baino ez daude, parke osoaren %3 baino gutxiago. Aitzitik, alokairu sozialaren eskaerak nabarmen egin du gora azken urteotan: gaur egun Etxebiden izena emanda dauden 60.000 eskatzaileen %80 baino gehiago alokairu sozialeko etxebizitza baten bila dabiltza.

Gogoratu du 2015eko Etxebizitza Legeak administrazioak behartzen dituela babes publikoko etxebizitza guztiak alokairuan jartzera, baina udal eta administrazio askok «zirrikituak» bilatzen dituztela agindu hori ez betetzeko: «Babes publikoko etxebizitzak egiteko kalifikatuta dauden lursailak sustatzaile pribatuei saltzen dizkiete, eta, horiek, etxebizitzak alokatu beharrean, saldu egiten dituzte». Horiek hala, Etxebizitza Legeari «izkin» ez egiteko bidea Lurzoruaren Legea aldatzea dela uste du EH Bilduk.

Beste gai batzuk ere bai

Gaurko osoko bilkuran, alokairu sozialaz ez ezik, bestelako gaiez ere arituko dira. Besteak beste, elikadura nahasmenduak dituztenen artaz eta Lanbideren trebakuntzetan euskararen eta gazteleraren presentzia bermatzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.