Hauteskundeak

EH Bilduk Laura Aznal proposatu du Nafarroako lehendakarigai izateko

Indar subiranistako zuzendaritzak Joseba Asiron proposatuko du Iruñeko alkatetzarako. Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak asteartean jakinarazi zuen ez dela berriro bozetara aurkeztuko.

Laura Aznal.
jon olano
2022ko maiatzaren 6a
13:36
Entzun

«Ilusioz eta kompromisoz, EH Bilduren Nafarroako zerrendaburua izateko hautagai gisa aurkezteko erronka onartzea erabaki dut, EH Bilduren oinarri sozialak hala erabakiko balu». Mezu horrekin jakinarazi du Laura Aznalek bere burua hautagai aurkeztuko duela datorren urteko hauteskundeetan EH Bilduren lehendakarigaia izateko. Aznal ekonomista da, eta Nafarroako parlamentaria 2019tik. Ezkabarteko zinegotzi ere izana da. 50 urte ditu, eta Iruñekoa da.

«Beti pentsatu dut EH bildu tresnarik hoberena eta eraginkorrena dela beste Nafarroa bat lortzeko; Nafarroa aske, justuago, feminista, sozial, inklusibo, jasangarri, eta ekologista», esan du sare sozialetan zabaldutako bideo batean. Harekiko konfiantza eskertu du, eta erantsi ilusioz ariko dela, hala berresten badute.

EH Bilduren Nafarroako Mahai Politikoak azaldu du Aznalek «solbentzia politiko eta profesional egiaztatua» duela, «azken urteotan EH Bildun erakutsi duena, Ezkabarteko zinegotzi eta parlamentari gisa, eta Volkswagenen egin duen 20 urteko ibilbidean».

Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren bozeramaileak asteartean jakinarazi zuen ez dela 2023ko hauteskundeetara aurkeztuko, eta, beraz, hiru egun geroago heldu da Aznalen jakinarazpena. «Ziklo bat amaitzeko unea da. EH Bildun lanean jarraituko dut, militatzeko modu asko daude eta [...] Pribilegioa izan da Nafarroan aldaketa prozesua bizitzea», adierazi zuen Ruizek. 2011n aurkeztu zen aurreneko aldiz EH Bilduren zerrendetan, bigarren postuan. 2015ean berriro aurkeztu zen, Adolfo Araizen atzetik, eta zerrendaburu izateko ardura hartu zuen 2019ko bozetan.

Iruñean, Asiron

EH Bilduko Iruñeko Mahai Politikoak Joseba Asiron proposatu du berriro Iruñeko alkategai izateko. Asiron alkate izan zen 2015etik 2019ra, eta egun zinegotzia da Nafarroako hiriburuko udalean. EH Bilduren barne prozesuan, Nafarroarako eta Iruñerako hautagaiak aurkezteko epea igandean itxiko da. Hautagai bakarra balego, datorren astean egingo litzateke bozketa, ostegun, ostiral eta larunbatean. Aldiz, hautagai gehiago baleude, eztabaida prozesu bat egin beharko lukete hilaren 11tik 25era bitartean, eta 26tik 28ra egingo litzateke bozketa.

EH Bilduko Nafarroako Mahai Politikoak uste du Asiron dela «Iruñƒerako hautagairik egokiena» nahi duten hiria «eraikitzen jarraitzeko. Etorkizuneko Iruñea, aniztasuna errespetatzen duena eta jasangarritasunaren alde egiten duena. Iruñea ezkertiarra, feminista eta arrazakeriaren aurkakoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.