EH Bilduk «anbizioa» exijitu dio Sanchezi, «zintzilik» dauden gaiak lantzeko

Inbestidurarako bilera sortan, lehen aldiz bildu da Sanchez EH Bildurekin. Koalizio abertzalea prest dago azken legealdiko «neurririk positiboenei» jarraipena emango dien «agintaldia garatzen eta sendotzen laguntzeko».

Cerdan, Sanchez, Aizpurua eta Elejabarrieta, inbestidurari buruzko bileran, gaur. EH BILDU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 13a
12:00
Entzun

Ezohiko irudi bat gaur Madrilen: lehen aldiz, EH Bilduko ordezkariak jendaurrean elkartu dira Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izateko PSOEren hautagaiarekin, inbestiduraz hitz egiteko. Hain zuzen, Mertxe Aizpurua Kongresuko eleduna eta Gorka Elejabarrieta Senatukoa izan dira bileran. Koalizio abertzaleak mugarri garrantzitsutzat jo du bilkura, «elkarrizketan, negoziazioan eta akordioan oinarritutako konfiantzazko ziklo bati ekiteko». Eta hautagai sozialistari adierazi diote prest daudela azken legealdiko «neurririk positiboenei» jarraipena emango dien «agintaldia garatzen eta sendotzen laguntzeko». Era berean, «anbizioa» exijitu diote Sanchezi, «zintzilik» dauden gaiak landu ditzan. Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariak eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroak ere parte hartu dute bileran.

Uztaileko hauteskundeek utzitako agertokiaren analisia egin du EH Bilduk bileran, eta bere asmoa argi utzi: «PP eta Vox buru dituen bloke erreakzionarioari gobernua osatzen ez uztea eta aukera hori uxatzea». Alderdiak «agindu demokratikotzat» jo du «ultraeskuina geldiaraztea»; eta «eskuin atzerakoiak geldiaraztea» ere ezinbestekoa iruditzen zaio legegintzaldiari hasiera emateko. Era berean, adierazi du laster hasiko den legealdian «pauso sakonak» eman behar direla: «Euskal langileen eta estatukoen eskubide sozialak eta ekonomikoak zabaltzeko, Euskal Herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa egonkortuko dituzten politikak egiten jarraitzeko, eta estatuaren nazio aniztasunari eta gure herriaren eskubide nazionalei buruzko eztabaida behingoz irekitzeko».

Bilera giro «eraikitzaile» eta «positiboan» egin dela azpimarratu du EH Bilduk. Eta gehitu du gaurko topaketek jarduera politikoa ulertzeko eta egungo aldi historikoan kokatzeko modu bat erakusten dutela, «erantzukizunean eta errespetu etengabean oinarrituta, beste edozein interesen gainetik».

Juntsekin ere, lehen aldiz

Orain arte, koalizio abertzalea PSOEren bozeramaileekin bildu izan da. Azken legegintzaldian, izan ere, PSOEk garai hartan zuen Kongresuko bozeramaileak egin zituen inbestidurarako harremanak, hau da, Adriana Lastrak. EH Bildurekin ez ezik, hautagai sozialista Miriam Nogueras Juntsek Kongresuan duen bozeramailearekin ere bilduko da lehen aldiz gaur. Bi bilera horiek eginda, Sanchezek amaitutzat emango du inbestidurarako bilera sorta. Oraindik ez dute jarri inbestidura egiteko egunik, ordea: PSOEk adierazi du ez duela eguna zehaztuko talde parlamentarioekin akordioa lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.