Gaur zortzi Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharko dute Arantza Zuluetak, Iker Sarriegik, Jon Enparantzak, Julen Zelarainek, Naia Zuriarrainek, Saioa Agirre Araukok, Nerea Redondo Otamendik eta Juan Maria Jauregik, eta EH Bilduk «kezka» adierazi du Madrilen iraganen den auziarengatik. Gaur goizean egindako agerraldian, Maddalen Iriartek eta Julen Arzuagak 1998an hasitako makroepaiketen multzoan kokatu dute 13/13 auzia, eta salatu dute epaiketa «politikoak, orokorrak, berariaz ad hoc sortutakoak, jarduera politikoak, sozialak, komunikatiboak, elkartasunekoak eta nazio eraikuntzakoak kriminalizatzeko eta zigortzeko sortutakoak» izan direla horiek guziak: «Gure kalkuluen arabera, 426 pertsona akusatu dituzte beren jarduera politikoagatik, beren ideiengatik, eurak izateagatik edo ordezkatzen zutena ordezkatzeagatik».
EH Bilduko eledunek halaxe ikusten dute heldu den astean zortzi euskal herritarren aurka eginen den auzia ere, haien «jarduera profesionalagatik eta motibazio politikoko presoei elkartasuna adierazteagatik» eskatu baitiete guztira 77 urteko zigorra, ETArekin lotura izateaz akusatuta: «Tamalez, 'dena ETA da'-ren interpretazio estrafalario hura indarrean dago oraindik hogeita bost urte geroago, erakunde horrek jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik hamar urtera, eta armagabetu eta behin betiko desagertu zenetik hiru urtera». Gaitzetsi dute, halaber, «aitzakia» beraren pean «estatu sakoneko kontrolik gabeko botereek eremu politikoa lokaztu» nahi dutela, «herri hau etengabeko xantaiaren pean mantentzeko», «errepresio eta kartzelaren etengabeko mehatxupean».
Iriartek eta Arzuagak nabarmendu dute, gainera, «frogaren praktikaren irregulartasunak, salaketa bitxien fabrikazioa eta torturaren itzala» daudela 13/13 prozeduraren oinarrian: «Atxiloketa, inkomunikazio eta espetxeratze haietatik 11 urte igaro ondoren, horietako askorentzat berriro epaitzen dira dagoeneko zigorra bete duten gertaerak».
EH Bilduk elkartasuna adierazi die auzipetuei eta haien senide eta hurbilekoei, eta larunbat eguerdian Bilbon eta Donostian eginen diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin die «balio demokratikoetan sinesten duten eta bakea eta bizikidetza eraikitzeko bidean aurrera egin nahi duten euskal herritarrei». 12:00etan hasiko dira protestak, Jesusen Bihotzatik eta Saguesetik.