UDALGINTZA

EH Bilduk jardunaldi munizipalistak egingo ditu otsailaren 11n

Bost erronkaren inguruan ariko dira, eta indar subiranistak saio horrekin abiatuko du udal hauteskundeetako kanpaina.

Onintze Oleaga eta Unai Urruzuno, otsailaren 11ko topaketa aurkezten. EH BILDU
jon olano
2023ko urtarrilaren 30a
11:54
Entzun

EH Bilduk bere lehen konferentzia munizipalista egin zuen iazko maiatzean, eta otsailaren 11n gisa horretako bigarren saioa egingo du, Donostiako Tabakaleran. Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintza arduradunak azaldu duenez, helburu nagusia izango da «mugimendu munizipalistaren programa definitzea»; alegia, hurrengo legealdian «herri erronka estrategikoei aurre egiteko udalgintza egitasmo gakoak zeintzuk diren aztertzea eta egungo ereduarekin talka egiten duen politika egiteko modu berrietan sakontzea».

Oleagak nabarmendu du EH Bilduk «udalerri jasangarri eta bizigarrien alde» egiten duela, «herritarren hitza eta erabakia erdigunean jarriz, herritarren bizitza hobetzea helburu duten proposamen modernoak eta efizienteak garatuz». Orain, jardunaldien bidez, orain arte garatutako esperientzia guztiak komunean jarri nahi dituzte, koalizio subiranistaren «udalgintza prozesuaren oinarriak sendotu eta etorkizunera begirako estrategia bat adosteko».

Testuinguru horretan, bost erronka identifikatu dituzte datorren legealdirako, jardunaldietan landu asmo dituztenak: klima larrialdia, zaintza, berdintasuna, erronka demokratikoa, eta euskalduntzea eta euskal kulturaren transmisioa.

Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak azaldu du jardunaldien bitartez indar subiranistak hasitzat emango duela maiatzeko udal hauteskundeetako kanpaina: «Datozen hauteskundeek gure egitasmoak sendotu eta herri honen eraikuntzan aurrerapauso bat emateko balio behar digute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.