ALDERDIAK

EH Bilduk Iruñean ospatuko du Aberri Eguna

Manifestazio bat egingo du apirilaren 17an, Amaiurko gatazkaren bosgarren mendeurrena gogoan hartuta.

Arnaldo Otegi eta Bakartxo Ruiz, Aberri Egunerako manifestazioa aurkezten. BERRIA
jon olano
2022ko otsailaren 21a
17:50
Entzun

EH Bilduk Iruñean ospatuko du aurtengo Aberri Eguna, manifestazio bat eginez. Bakartxo Ruiz EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak eta Arnaldo Otegi federazio subiranistako koordinatzaile nagusiak aurkeztu dituzte mobilizazioa eta horretara deitzeko kartela. Afixak erreferentzia egiten dio Amaiurko batailari, eta gogora dakar haren bosgarren mendeurrena. Guda hari aipamena egin dio Otegik ere bere hitzartzean: «Orain dela 500 urte, hemen burujabetzari buruzko lehia bortitz bat izan zen; Amaiurko gatazka egon zen, Gaztelaren eta Nafarroaren arteko burujabetza talka izan zen. 500 urte geroago, hemen gaude, Iruñean, gure hiriburu historikoan».

Otegik erantsi du EH Bildu «mirari laiko baten testigantza» emateko batuko dela Iruñean: «Dena dago antolatuta Euskal Herria eta Nafarroa, nazio gisa, desagertzeko. Hemen gaude, eta askatasunaren proiektua zutik dago Nafarroan eta Euskal Herrian». Halaber, «sektore antiautoritario, demokrata, abertzale, independentista eta ezkertiar guztiei» gonbidapena egin die Aberri Eguna Iruñean ospatzeko.

Aberri Egunaren testuinguru politikoari ere erreparatu dio Otegik. Azaldu du burujabetza aldarrikatuko dutela apirilaren 17an: «Burujabetza, oso lehia historikoa izateaz aparte, sinplea da: nork zer non erabakitzen duen. Guk, euskaldunok, mezu bat luzatu nahi diegu Euskal Herriari, Espainiako Estatuari, Europari eta munduari: euskaldunok hemen erabaki nahi dugu, eta dena erabaki nahi dugu hemen».

Ruizek, berriz, gogora ekarri du azken bi urteetan COVID-19aren izurriak «erabat baldintzatu» duela «egun inportante hori»: «2020an konfinamendu betean geunden, eta balkoietan ospatu behar izan genuen. Iaz, Euskal Herria Batera egitasmoarekin bat egin genuen, eta plazaz plaza kantuan aritu ginen». Aurten, Ruizen esanetan, bada garaia abertzaleek, ezkerreko subiranistek, independentistek eta euskaltzaleek beren komunitatea berriro elkartzeko: «Gai izan gara hilabete hauetan pandemiari auzolanean erantzuteko, eta aurrerantzean ere aurrean ditugun erronka handiei indar berberaz eta ilusio osoz ekiteko prestaturik gaude. Horixe da Aberri Egunean erakutsiko duguna».

Aberri Eguna Iruñean ospatzeak «garrantzi handia eta kutsu berezia» daukala gaineratu du Ruizek: «Euskal Herriko hiriburu historikoan argi eta ozen esango dugu hemen badela herri bat, kultura bat, hizkuntza bat, egundaino iraun duena herri gogoari esker».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.