EH Bilduk Hezkuntza Legea eztabaidara eraman nahi du, osoko zuzenketak baztertuta

Koalizioak EAEko Hezkuntza Legearen osoko zuzenketen kontra bozkatuko du bihar. Larunbaterako hezkuntza jardunaldiak antolatu dituzte, Bilbon

Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza idazkaria, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Atzo bete ziren bi aste alderdi politikoek EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketa partzialak nahiz osoko zuzenketak aurkeztu zizkiotenetik. Orotara, lau alderdik jarri zizkioten osoko zuzenketak: Elkarrekin Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek. Bihar eztabaidatuko dituzte Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, eta EH Bilduko hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek aurreratu du beren jarrera: ezezkoa emango diete. Hauxe arrazoia: «Herri honentzat ahalik eta lege onena eraiki nahi dugu». Halaber, ziurtatu du hezkuntza akordioarekiko «leialtasunez eta fideltasunez» jardungo dutela aurrerantzean ere. Horregatik, osoko zuzenketei ezezkoa esatea eta Eusko Legebiltzarrean zuzenketa partzialak eztabaidatzea hobetsi dute, «eztabaidari aukera ematea».

EAJk eta PSE-EEk zuzenketetako batean hizkuntza ereduak aipatu izanak harrotu ditu hautsak. Arresek «eztabaida argia eta gardena» galdegin du: «Azken egunetan, gobernua sostengatzen duten bi alderdiek lege proiektuari aurkeztutako zuzenketekin eztabaida sortu da, eta, gaurkoz, ez dira gai izan iritzi bateratu bat emateko». Zuzenketak aurkeztu biharamunean Pello Otxandiano koalizio abertzalearen programa zuzendariak esan zuzenez, zuzenketaren inguruko bi bertsio daude: Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarena eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarena. Zuzenketaren esanahia argitzeko eskatu zuen. Arresek ziurtatu du ordutik ez dutela erantzunik jaso. Beraz, ostiraleko kontrol saioan horren inguruan galdetuko diete Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eta Bildarratzi berari.

Hizkuntza ereduen zuzenketak sortu duen eztabaidaz jakitun, EH Bilduk ekarpena egin nahi duela ere esan du Arresek. Gaia lantzeko, jardunaldi batzuk antolatu dituzte larunbaterako, Bilbon. Hala azaldu du Arresek: «Gu koherenteak gara orain arte hezkuntza akordioan adostu den horrekin, eta, hori dela eta, Euskal Herria Bilduk, euskararen eta hizkuntzen markoari dagokionean, gure irakurketa plazaratuko dugu, eta, horretaz gain, aditu independenteak ekarriko ditugu gure jardunaldira, goi mailako aditu independenteak». Ikuspegi juridikoa, pedagogikoa, akademikoa eta soziala lantzeko asmoa dute. Horretarako, han izango dira Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbideko irakaslea, Karmele Perez Huheziko Berrikuntza eta Esku Hartzea Gizarte Kulturaniztun eta Eleaniztunetan taldeko kidea, Joseba Ibarretxe Berritzegune Nagusiko hizkuntza aholkularia eta Eva Silvan Silvan&Miracle agentziako zuzendaria. Gainera, Otxandianok agerraldia egingo du, EH Bilduren jarrera azaltzeko.

Gainera, Arresek tresnabat ere aurkeztu du: www.hezkuntza.ehbildu.eusdenbora lerroa. Bertan jasota daude Hezkuntza Legearen inguruan Eusko Legebiltzarrean egindako urratsak, bilkideekin egindako eztabaidak eta EH Bilduren bozeramaileek emandako elkarrizketak, besteak beste.

Aurrerantzean, zer?

Eusko Legebiltzarrean ia bi urte daramatzate Hezkuntza Legea ontzen. 2021eko urrian onartu zuten hezkuntza akordioa lortzeko lantalde bat osatzea, eta, ehun eragile inguru entzun ostean, 2022ko apirilaren 7an izenpetu zuten Hezkuntza Legearen oinarriak jartzeko akordioa EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Handik urte erdi ingurura, iazko irailean, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa plazaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Eragileek ekarpenak egin zizkioten iazko udazkenean, eta grebak eta protestak antolatu zituzten lege aurreproiektuaren aurka. Azkenean, apirilaren 25ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Lege proiektua, orain Eusko Legebiltzarraren esku dagoena. Hari zuzenketak jartzeko epea orain bi aste amaitu zen, eta bihar eztabaidatuko dituzte osokoak. Printzipioz, ez dira aurrera aterako.

Orduan, zein izango dira hurrengo urratsak? Zuzenketa partzialak eztabaidatzeko lantaldea jarriko dute martxan. Izango dute zereginik. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk 26 zuzenketa partzial aurkeztu dizkiote testuari; EH Bilduk, 146; eta Elkarrekin Podemos-IUk, 44. Hor testu bat adostea lortzen badute, Hezkuntza Batzordera eraman beharko dute, eta handik Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batera. Adostasun nahikoa erdiesten badute, behin betiko onartuko dute EAEko Hezkuntza Legea.

Baina datarik ez dago zehaztuta. Zuzenketa partzialak adosteko lantaldeak behar beste denbora har dezake, eta horren menpe egongo da bilakaera. Halere, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak esana du espero dutela urtea amaitzerako onartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.