hezkuntza legea

EH Bilduk hezkuntza lantaldea biltzeko eskatu du, akordioari ekarpenak egiteko epea zehazteko

PPk ere denbora gehiago nahi du. Koalizio abertzaleak ez du epea luzatzeko beharrik, dagoeneko zehaztuak baitituzte aurkeztu nahi dituzten ekarpenak, baina luzatzeko ere ez dute arazorik ikusten.

Ikoitz Arrese EH Bilduren legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 15a
13:53
Entzun

Hezkuntza itunerako egutegia zehaztuta zeukaten, baina zalantzan dago. Akordioa erdiesteko lantaldean aurkeztutako lehen testuari zuzenketak egiteko epea ostiralean amaitzekoa da berez, baina gero eta gehiago dira epea atzeratzeko eskatzen duten ahotsak: Elkarrekin Podemos-IUri eta PSE-EEri PP batu zaie azken orduetan. EH Bilduk eskaera horiek aintzat hartzea nahi du, eta formalki eskatu du lantaldea ostirala baino lehen bil dadila, bertan zehazteko zein izango diren epeak. «Malgutasunez» jokatuko dutela hitzeman du EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek, «epeak ezin direlako oztopo izan hezkuntza hitzarmenaren inguruan adostasun zabal bat lortzeko».

EH Bilduk ez du denbora gehiagoren beharrik, Arreseren esanetan, dagoeneko etxeko lanak eginda baitituzte: «Jada zehaztu dugu zeintzuk izango diren gure ekarpenak». Ordea, asti gehiago ematea ez dute gaizki ikusten, horrek akordioa erraztu badezake: «EH Bilduk malgutasunez jokatuko du horretan ere akordioak errazteko, esku artean dugun gaia garrantzitsuegia delako presaka ibiltzeko». Izan ere, ados jartzea dute helbururik behinena: «Argi dugu helburua hezkuntza hitzarmenean lau indar politiko nagusiok bat egitea dela, eta epeak luzatzeak akordio bat iristea errazteko balio baldin badezake, ez gara gu izango hori oztopatuko dutenak».

PPk ere gainerako alderdien bideari jarraitu dio: denbora gehiago galdegin du Carlos Iturgaiz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren buruak. EAJri «denborak laburtu» nahi izatea egotzi dio. Epeak luzatzeko eskatzearekin batera, akordioak haren ustez izan beharko lukeenaz ere aritu da. Hauxe haien eskaera: gurasoek «askatasunez» erabaki ahal izango duten hezkuntza eredu bat, itunpeko eskolak eta pribatuak «defendatuz» eta eskola publikoa «babestuz». Eta gaztelerari garrantzia emango diona: «Gaztelera eta euskara elkarrekin biziko diren hezkuntza eredua nahi dugu, eta ez dadila hizkuntza bat bestearen gainean inposa, ez dadila euskara gazteleraren gainean inposa».

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak atzo egindako eskaeraren inguruko xehetasunak eman ditu: beste hilabete eskatu dute zuzenketak egin ahal izateko. Azken egunetan EH Bildun eta PSE-EEn joera aldaketak ikusten ari dela ere esan du, eskola publikoari lotuta. «Orain arte Elkarrekin Podemos zen eskola publikoaren hegemoniaren alde egiten ari zen bakarra eta eskola publikoaren interesak defendatzen ari zena».

Eusko Jaurlaritza, lehengoan

Eusko Jaurlaritzak urte honen bigarren seihilekoan onartu nahi du hezkuntza legea, eta asmo hori berretsi du gaur goizean Bingen Zupiria bozeramaileak. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaio «hartutako konpromisoa» betetzea. Baina, gainerako alderdiek egin duten eskaerari erantzunez, esan du testua adostean «ahalik eta akordiorik handiena lortzeko gogoa eta helburua» gailenduko direla: «Saiatuko gara bi helburuek bat egin dezaten: legealdi honetan euskal hezkuntza legea onartzea eta lege honek ahalik eta babesik handiena izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.