«Erronka kolosala». Horixe da EH Bilduren aburuz Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legea. Koalizioaren legebiltzarkide Ikoitz Arresek atzoko osoko bilkuran nabarmendu zuenez, akordio politikotik harago, hezkuntza eragileen parte hartzea bermatu asmo dute: «Konpromisoa hartzen dugu gaur hezkuntza komunitatearekin batera hartu-eman fase bat irekitzeko, eta beraien ekarpenak behar bezala jasotzeko».
Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zaio Arrese; «patxada eta lasaitasuna» eskatu dizkio, eta ausardiaz jokatzera bultzatu du. Jomugak finkatu ditu: «Sistema propio baterako» trantsizioa abiatzea, euskaran sakontzea eta Euskal Hezkuntza Zerbitzua «behar bezala» definitzea, besteak beste. «Arduraz, seriotasunez eta zorroztasunez ekingo diogu Hezkuntza Lege hau osatzeko prozesuari».
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek esan du eragileen parte hartzea bermatuta egongo dela, eta urriaren 13ra arte izango dute ekarpenak egiteko aukera. Arreseren eskaerei erantzunez, nabarmendu du bi urte daramatzatela legea ontzen, ehunka pertsonarekin bildu direla, eta horrela jarraitzeko asmoa erakutsi du. «Aurrera egin dugu, eztabaidarako testu bat dugu, baina bide luzea dugu oraindik».
«Balorazio negatiboa»
Beste hainbat eragilek bezala, EHIGEk ere eman du iritzia. «Balorazio negatiboa» egin dute. Haien ustez, ez du jasotzen sare publikoak izan behar duela sistemaren ardatza,eta, gainera, ez du bermatzen euskarazko murgiltzea.
EH Bilduk harreman fase bat hasiko du eragileekin hezkuntza legeaz aritzeko
Ikoitz Arrese legebiltzarkideak «patxada eta ausardia» eskatu dizkio Jaurlaritzari. Bildarratzek eragileekin mintzatzeko prestasuna erakutsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu