EH Bilduk ezezkoa emango die Hezkuntza Lege proiektuaren osoko zuzenketei

Gaitzetsi du ez argitu izana zer esan nahi duen EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduen inguruan egindako zuzenketak. EH Bilduk hizkuntza ereduei buruzko jardunaldiak egingo ditu larunbatean, Bilbon.

Ikoitz Arrese, gaur goizean, Donostian. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 17a
13:30
Entzun

Gaur bete dira bi aste alderdiek EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketa partzialak eta osoko zuzenketak aurkeztu zizkiotenetik. Orotara, lau osoko zuzenketa jarri zizkioten: Elkarrekin Podemos-IUrena, PPrena, Ciudadanosena eta Voxena. Etzi eztabaidatuko dituzte Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, eta EH Bilduko hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek aurreratu du jada zer jarrera hartuko duten: ezezkoa emango dute. Hauxe arrazoia: «Herri honentzat ahalik eta lege onena eraiki nahi dugu». Halaber, ziurtatu du hezkuntza akordioarekin «leialtasunez eta fideltasunez» jardungo dutela.

Horregatik, osoko zuzenketei ezezkoa ematea eta zuzenketa partzialak eztabaidatzea hobetsi dute. EAJk eta PSE-EEk zuzenketetako batean hizkuntza ereduak aipatu izanak harrotu ditu hautsak. Arresek «eztabaida argia eta gardena» galdegin du: «Azken egunetan, eztabaida sortu da gobernua sostengatzen duten bi alderdiek lege proiektuari aurkeztutako zuzenketekin, eta, oraingoz, ez dira gai izan iritzi bateratu bat emateko». Zuzenketak aurkeztu eta biharamunean Pello Otxandiano programa zuzendariak esan zuzenez, zuzenketaren inguruko bi bertsio daude, eta hori argitzeko eskatu zuen. Arresek ziurtatu du ez dutela erantzunik jaso. Beraz, ostiraleko kontrol saioan horren inguruan galdetuko diete Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi.

Hizkuntza ereduen zuzenketak eztabaida piztu duela jakinda, EH Bilduk hizkuntza ereduen inguruan ekarpena egin nahi duela ere esan du Arresek. Gaia lantzeko, «goi mailako» jardunaldi batzuk antolatu dituzte larunbaterako, Bilbon. Hala azaldu du Arresek: «Gu koherenteak gara orain arte hezkuntza akordioan adostu den horrekin, eta, hori dela eta, Euskal Herria Bilduk, euskararen eta hizkuntzen markoari dagokionez, gure irakurketa plazaratuko dugu, eta, horretaz gain, aditu independenteak ekarriko ditugu gure jardunaldira, goi mailako aditu independenteak». Hain zuzen, han izango dira Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbideko irakaslea, Karmele Perez Huheziko Berrikuntza eta Esku Hartzea Gizarte Kulturaniztun eta Eleaniztunetan taldeko kidea, Joseba Ibarretxe Berritzegune Nagusiko hizkuntza aholkularia eta Eva Silvan Silvan&Miracle agentziako zuzendaria. Gainera, Otxandianok agerraldia egingo du, EH Bilduren jarrera azaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.